Gabonetarako ekintza ugari antolatu dute hainbat eragilek elkarlanean

Uztarria.eus 2017ko abe. 20a, 15:32
Kulturazeko, Udaleko, Bertaneko eta Gazteria Saileko ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Gabonetan kaleko eta herriko giroa sustatzeko asmoz, hainbat ekintza antolatu dute herriko eragile hainbatek datozen egunetarako. Besteak beste, kontzertua, film laburren emanaldiak, Ekain-txouren emanaldi solidarioa eta umeentzako jolas parkea izango dira. Gainera, HH5. mailatik Batxilergo 2ra arteko ikasleentzat hainbat ekintza antolatu ditu Gazteria Sailak. Horrez gain, Olentzero eta Mari Domingi hilaren 24an goizez etorriko dira herrira, eta urtarrilaren 5ean izango da Errege Magoen desfilea.

Gabonetan kaleko eta herriko giroa sustatzeko asmoz, hainbat ekintza antolatu dute herriko eragile hainbatek datozen egunetarako. Besteak beste, kontzertua, film laburren emanaldiak, Ekain Txouren emanaldia eta umeentzako jolas parkea izango dira. Gainera, HH5. mailatik Batxilergo 2ra arteko ikasleentzat hainbat ekintza antolatu ditu Gazteria Sailak. Horrez gain, Olentzero eta Mari Domingi hilaren 24an goizez etorriko dira herrira, eta urtarrilaren 5ean izango da Errege Magoen desfilea.

Ainara Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, ekintza horien guztien antolaketan "elkarlana" izan dute oinarri. "Askotariko eta adin guztientzako moduko ekintzak antolatzen saiatu gara". Ekintza horiek, ordea, helburu jakin batekin antolatu dituzte: "Jendeak bere aisialdia Azpeitian pasatzea nahi dugu, baita Gabonetan ere. Erosketekin ere gauza bera egin dezaten nahi dugu. Izan ere, horrek gure ekonomia indartzen du. Horixe nahi dugu: Azpeitia guztion bizileku eta erosleku izatea nahi dugu".

Xabier Aldalur Bertan merkatari elkarteko teknikariak azaldu duenez, "luxua" da Azpeitiko ekintza eskaintza: "Merkatariontzat garrantzitsua da herrian horrelako eskaintza zabala eta indartsua izatea. Guk asko ekartzen dugu guztiok egidako ahalegina".

Kontzertua, film laburrak eta ikuskizun solidarioa

Kulturaz kooperatibak hainbat ekintza antolatu du datozen egunetarako. Larunbatean, hilak 23, Rockin bizi, kontzertu familiarra (AC/DC) izango da gaztetxoentzat, Sanagustin kulturgunean. 17:00etan hasiko da kontzertu didaktikoa. Sarrera zortzi euro ordaindu beharko da aurrez erosiz gero; egunean bertan, berriz, 11 euro.

Abenduaren 29an film laburren emanaldiak eskainiko dituzte 16:30etik aurrera Soreasu antzokian. Zinetxiki zinemaldian saritutako film laburrak emango dituzte ordu horretan hasita. Saio hori 2 eta 12 urte bitarteko umeentzat izango da. 19:30ean, berriz, Z U L O eta Kronos filmak emango dituzte Soreasun.

Bestalde, urtarrilaren 5ean, Ekain-txou eta haren lagunen emanaldia izango da Soreasu antzokian. 12:00etan izango da, eta bost euro ordaindu beharko da sarrera. Ikuskizunaren sarrerekin bildutako dirua Child Bright fundazioarentzat izango da.

Jolas parkea, Bertanen eskutik

Bertan merkatari elkarteak, azken urteetako legez, haurrentzako jolas parkea jarriko du abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an eta urtarrilaren 2an eta 3an Izarraitz pilotalekuan. 16:00etatik 20:00etara izango da egun horietan zabalik, eta sarrera 2 euro ordaindu beharko da. Jolas parkea 2 eta 12 urte bitarteko haurrentzako izango da.

Olentzero eta Mari Domingi

Ikastetxeetara bisita eginda, abenduaren 24an iritsiko da Olentzero Azpeitiko kaleetara. Mari Domingik lagunduta iritsiko da herrira. San Martin egoitzako egoiliarrek ongietorria egingo diete biei 12:15ean, eta ondoren hasiko dute kalejira ttuntturroek, txistulariek eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek lagunduta. Horiez gain, ikastetxeetako haurrek hartuko dute parte kalejiran.

Kalejiraren ostean, 13:00etan, ekitaldia egingo dute plazan. Itsasiko haurrek aurreskua egingo diete Olentzerori eta Mari Domingiri, eta Xebastian Lizasok bertsoak abestuko ditu. Olentzerok gaztainak banatuko dizkiete bertaratzen direnei. Eguraldi txarra egiten badu, Azoka Plazan egingo dute ekitaldia.

Erregeen desfilea

Urteroko legez, Errege Magoen desfilea izango da urtarrilaren 5ean. Haiek iritsi aurretik, urtarrilaren 4an, Mechor, Gaspar eta Baltasarren pajeak izango dira udaletxe azpian 17:30etik aurrera. Baigerak antolatuko du egitasmoa, eta haurren eskariak jasoko dituzte haiek.

Urtarrilaren 5ean, berriz, Errege Magoen txanda izango da. 17:00etan iritsiko dira Erregeak Lasaora, eta han trena hartu ostean, 17:30ean iritsiko dira Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museora. Haurren ongietorria jaso ostean, 19:00etan hasiko da desfilea igerileku aurretik. Urteroko legez, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun ibilbide osoan zehar. 20:00etan iritsiko dira Erregeak plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira haurren desioak entzutera.