Ordu gutxi barru iritsiko da San Tomas eguna

Uztarria.eus 2017ko abe. 20a, 19:00

Baserritarren azoka Azoka Plazara itzuliko da aurten. Plazan, bederatzi postu jarriko dituzte.‘Hysteria’ lanak Antzerki Topaketetako ikusleen saria jasoko du.

Zain-zain izango dira honezkero herritar bat baino gehiago, bi­harko eguna noiz iritsiko. Egun handia dute Azpeitian San Tomas eguna, taloaz, txorizoaz eta festaz gotzatzekoa, hain zuzen ere. Urtero bezala, egitarau zabala prestatu dute biharko, baina bada aurtengoan berrikuntzarik. Besteak beste, azken urteetan kalean egin duten baserritarren azoka Azoka Plazara itzuliko da. Horrez gain, inoiz baino jaki postu gehiago jarriko dituzte aurten plazan: bederatzi. Izan ere, Elkar-ekinek aurreneko aldiz jarriko du postua.

Ohi bezala, aurtengoan ere prestatu dute Gaztetxeko kideek orga. Perez Arregi plazatik abiatuko da kalejira, 12:00etan, eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute hara hurbiltzen direnek. Trikitilariek lagunduta egingo dute ibilbidea, herriko kaleetan barrena.

Horrez gain, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea ibiliko da eguerdi partean herriko kaleak alaitzen. Aurten lehen aldiz parte hartuko du musika taldeak santomas eguneko egitarauan, eta 12:00etatik 15:00etara bitartean entzun ahal izango dira beraien doinuak.

Urtero bezala, Antzerki Topaketetako sari banaketa ere egingo dute bihar. Udaletxean izango da ekitaldia, 12:00etan hasita. Aurtengoan, Zestoako Eromen Produkzioak taldearen Histerya lana izan da ikusleen iritziz onena, eta taldekideak etorriko dira saria jasotzera.

Bestalde, herri kirol jaialdia, bertso saioa, Patxi Azkargortaren Oroimenezko Pilota Txapelketa, elektrotxaranga… ere izango dira egunean zehar.

Dantza Suelto Txapelketa

Dantzak ere izango du tarterik San Tomas egunez. Urtero bezala, Gazteen Azpeitiko XVII. Dantza Suelto Txapelketa jokatuko dute bihar, 18:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.

Aurtengoan, hamasei bikotek parte hartuko dute lehian. Horietatik zazpi bikote izango dira bi kideak azpeitiarrak dituztenak: Elaia Elorza eta German Aranburu, Nagore Kerejeta eta Aner Kerejeta, Nora Aizpuru eta Iker Zabala, Jone Arriaran eta Eki Aizpuru, Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola, Alaitz Elorza eta Aner Elorza, eta Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza. Azkoitiko eta Azpeitiko kidez osatutako bi bikotek ere parte hartuko dute txapelketan: Enara Arrizabalagak eta Iker Sarasuak nahiz June Elorzak eta Eneko Sarasuak. Errezilgo bi bikote ere ariko dira dantzan; Janire Labakak eta Julen Labakak nahiz Ekiñe Uzkudunek eta Unax Labakak parte hartuko dute. Horiez gain, eskualdekoak ez diren beste bost bikote ere izango dira bihar Azpeitian: Maider Aginaga eta Iker Belintxon (Lezo), Irati Saizar eta Danel Serrano (Lezo), Danele Atxukarro eta Endika Osa (Hondarribia-Lezo), Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun) eta Ane Anuariz eta Mikel Esnaola (Lezo).

Bina pieza dantzatuko dituzte parte hartzaile guztiek; fandango bat eta arin-arin bat. Epaimahaia arduratuko da dantzan ondoen zein moldatu diren erabakitzeaz. Behin erabakia hartuta, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Sailkapeneko aurrenek ez ezik, gainerako parte hartzaile guztiek ere jasoko dituzte sariak.

Hona hemen santomasetako egitaraua:

-Gaur, asteazkena.
22:00. Txapelen omenezko bertso jaialdia, Soreasun.

Bihar, osteguna, San Tomas Eguna.
10:00. Diana, Izarraitz txistulari taldearekin.
10:00. Patxi Azkargortaren Oroimenezko Pilota Txapelketa, Frontoi Txikian.
Goiz osoan, Udazkeneko Azoka Berezia, azoka plazan.
11:00. Udal Musika Bandaren kalejira eta Gaelziga gaiteroak.
12:00-15:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea kaleetan ibiliko da.
12:00. XXXV. Antzerki Topaketetako sari banaketa, udaletxean.
12:00. Herri kirol jaialdia, herriko plazan. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Iker Vicente. Harri-jasotzaileak: Karmele Gisasola Zelai, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Irigoien.
12:00. Bertsolarien saioa, herriko plazan. Oihana Iguaran, Agin Laburu eta Beñat Lizaso bertsolariak. Gai-jartzailea: Xebastian Lizaso.
12:00. Itsasiko ttuntturroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinujoleen kalejira.
13:00. Erraldoiak, buruhandiak eta Gaelziga elkarteko gaiteroak.
13:00. Referee DJa, herriko plazako kioskoan.
18:00. Gazteen Azpeitiko XVII. Dantza Suelto Txapelketa, Sanagustin kulturgunean.
18:30. Eonian elektrotxaranga, kaleetan zehar.