DSBEaren bidez ustez 3,7 milioi euroko iruzurra egin duen taldea desegin dute

Uztarria.eus 2017ko abe. 19a, 12:08

Espainiako Poliziak 186 lagun atxilotu ditu, horietatik 163 Gipuzkoan. Poliziaburuek azaldu dute iruzur kasu gehienak Azpeitian, Azkoitian, Eibarren eta Elgoibarren egin zituztela. Lanbidek jakinarazi du Pakistango herritartasuna duten DSBEaren jasotzaile guztien espedienteak banaka ikertuko dituela, hangoak baitira ustezko iruzurgileak.

Gipuzkoan diru sarrerak bermatzeko errentarekin (DSBE) ustez 3,7 milioi euro arteko iruzurra egin duen talde bat desegin du Espainiako Poliziak. Hain zuzen ere, joan zen ostiralean jakinarazi zuten 186 lagun atxilotu zituztela; horietatik 163 Gipuzkoan. Atxilotu gehienak eskubiderik gabe oinarrizko errenta jaso zuten pertsonak dira, eta sarearen ustezko burua ere harrapatu dutela azaldu du Poliziak.

Jose Manuel Portela Espainiako Poliziaren atzerritarren brigadako Donostiako arduradunak jakinarazi duenez, iruzur kasu gehienak Azpeitian, Azkoitian, Eibarren eta Elgoibarren egin zituzten, eta sareak Beasaingo etxe batetik egiten zuen lan. Dena den, oinarrizko errenta eskatzen zuten ustezko iruzurgileetako asko ez ziren Gipuzkoan bizi, Europako eta Asiako hainbat tokitan baizik.

Sareak Beasainen zuen etxera jotzen zuten pakistandar jatorriko herritarrek agiri faltsu bila, eta pasaporteen, errolden edo lan agirien truke 350-400 euro ordaintzen zituzten. Paper horiekin DSBEa edo Gipuzkoako Foru Alundiaren DSBL diru sarrerak bermatzeko laguntza eskuratu zituzten. Poliziak azaldu duenez, guztira, 331 agiri faltsu aurkitu dituzte, eta uste dute 3,7 milioi euroraino irits daitekeela iruzurra.

Lanbidek jakinarazi du Pakistango herritartasuna duten DSBEaren jasotzaile guztien espedienteak banaka ikertuko dituela, hangoak baitira ustezko iruzurgileak. Ikerketa 2016ko abuztuan hasi zuen Espainiako Poliziak, "jatorri pakistandarreko herritarren migrazio mugimendu klandestino bat" antzeman zutenean. Pakistango Gobernuak ere pertsona horiek agiri faltsuak erabiltzen ari zirela baieztatu duela jakinarazi zuen Poliziak. "Lanbidek edo aldundiak banatutako laguntzak egun berean desbideratzen zituzten Pakistanera", esan du Poliziak.