2017an eskualdeko enpresetan izan diren lan istripuak salatzeko, manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean

Uztarria.eus | Ekonomia | Artikulua
2017-12-19 09:24

Bederatzien sugarra, garraxi bakarra. Elkartasun borrokaz eutsi bizitzari! lelopean egingo dute protesta, 19:00etan plazatik abiatuta. Azpeitiko Gaztetxea, LAB, Elkar-ekin, Ernai, Ikasle Abertzaleak, CNT eta ELA dira manifestazioaren deitzaileak.

Manifestazioaren deitzaileak, Corrugados enpresa zenaren aurrean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Bederatzien sugarra, garraxi bakarra. Elkartasun borrokaz eutsi bizitzari! lelopean, manifestazioa egingo dute gaur, larunbata, 19:00etan, plazatik abiatuta. Eskualdeko enpresetan urte honetan izan diren lan istripuak salatzea da protestaren helburua. Azpeitiko Gaztetxea, LAB, Elkar-ekin, Ernai, Ikasle Abertzaleak, CNT eta ELA dira deitzaileak.

Aurtengo urtean lan istripuz bederatzi lagun hil direla salatu dute manifestazioaren deitzaileek. Haien arabera, bi irizpide izan dituzte kontuan hildakoak zenbatzerakoan. Batetik, eskualdeko enpresetan lanean ari zirela hil direnak zenbatu dituzte, eta, bestetik, eskualdeko enpresentzako lanean ari zirela kanpoan hil direnak.

"Urte beltza izan da aurtengoa eskualdeko langileriarentzat. Bederatzi lagun hil dira lan istripuz, eta edonor izan daiteke hurrengoa. Gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu gertakari latz hauek beren azalean bizi dituztenei. Heriotzeraino garamatzaten bizi baldintzak salatzeko ordua heldu da, eta horretara gatoz", salatu dute.

 

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie | 2017-12-20 : 23:13

Hemen eragilien irakurketa osue:

"Urte beltza izan da aurtengoa eskualdeko langileriarentzat. 9 hildako lan istripuz. Edonor izan daiteke hurrengoa. Gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu gertakari latz hauek beren azalean bizi dituztenei.
Lan istripuen afera ez da zorte txarraren kontua. Krisiak, lan eta bizi baldintzen gogortzea eta zailtzea ekarri du langileriarentzat. Egoera ekonomikoari buelta emateko ardura gure gain uztea beste alternatibarik ez dutela erakutsi digu egunerokoak. Patronalak gerrikoa estutu baino, langileriaren lepoan jartzen du soka. Ardura hau hartzearen kostuak, ikus dezakegun bezala, bizitzarekin ordaintzen ditugu.
Urteetan zehar ikusten joan gara nola langileen harreman sareak deuseztatzen joan diren; lanpostu indibidualaren mantenuak hartu du zentralitatea; langileon arteko konpetentzia inoiz ezagutu ez bezalakoa da. Horrek elkartasun keinu orori ateak itxi ohi dizkio.
Errentagarritasunaren eta konpetentziaren logikak, langileen bizitzarekin bukatzea badakar, berdin du: beste bat azalduko da, bizitzeko beste baliabiderik ez dute eta.
Honen aurrean garbi dago elkarlotuta dagoen langileriak soilik aska dezake bere burua, boterea duenak soilik eraiki baitezake etorkizuna. Heriotzeraino garamatzaten bizi baldintzak salatzeko garaia heldu da.
9ren sugarra, garraxi bakarra: elkartasun borrokaz, heldu bizitzari! Abenduaren 30ean azpeitian manifestazioa".

Animau eta azaldu!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa