Gaixotasun arraroen ikerketa bultzatzeko, Vatikanora bizikletaz joango da Sergio Gomez

Uztarria.eus 2017ko abe. 18a, 11:41
Sergio Gomez eta haren proiektua babestu duten hainbat kide, egitasmoa aurkezteko egindako festan. (Ihintza Elustondo)

Martxoaren 1ean abiatu eta 22an iritsiko da; guztira, 2.000 kilometro egingo ditu 22 egunetan. Eneko Etxeberria alkateak eskutitz bat idatziko dio Aita Santuari, "Azpeitia eta Erroma" berriz lotuko direlako Gomezen egitasmoaren bidez.

Elkartasuna eta Itxaropena gaixotasun arraroei laguntzeko elkarteak egitasmo berri bat jarri du martxan, Esperantzaren bidea, guztiok bizitzaren alde izenekoa. Hain zuzen ere, elkarteko lehendakari Sergio Gomez Azpeititik Vatikanora joango da bizikletaz, gaixotasun arraroak bultzatzeko helburuarekin. Datorren urteko martxoaren 1ean abiatuko da, eta helmugara hilaren 22an iristea da haren asmoa. Guztira, 2.000 metro egingo ditu bidean, eta proiektua bultzatzen dutenek jarritako dirua gaixotasun arraroen ikerketara bideratuko dute. “Denon artean amets hau bete dezakegu”, dio Gomezek.

08:00etan abiatuko da San Martin egoitza aurretik; “adinekoei poz bat” eman nahi dielako aukeratu du abiapuntu hori. 100 kilometro egingo ditu egunero, eta horretarako prestatu dela dio. Dena den, ez da bakarrik joango: furgoneta bat –bertan egingo du lo–, haren gidaria eta masajista bat izango dira ibilbidean berarekin. Bidean berarekin joango diren bi pertsona horiek boluntarioak dira, eta, Gomezen arabera, ez dute ezer kobratuko. Vatikanora iristean, Espainiako enbaxadak egingo dio harrera Gomezi, eta Aita Santuaren gertuko norbaitekin biltzea izango ote duen aztertzen ari da orain.

Gomezen arabera, “erronka handi bat” da egitera doana, baina uste du merezi duela: “2.000 kilometro egiteak esfortzu handia eskatzen du, baina Vatikanora iristea sekulakoa izango da, gaixotasun arraroak dituzten haur asko eta askorentzako esperantza ekarriko duelako. Nik nire gizatasuna jarri dut beraiei laguntzeko”.  Hainbat erakundek, saltokik eta elkartek emandako laguntzari esker izango da posible Gomez egitera doana. Hala ere, enpresei laguntza eskatu die Gomezek: “Zuen laguntzarekin, herrialde polit bat osa dezakegu, gizarte berri bat, elkartasuna ardatz duena”.

Aita Santuari gutuna

Virginia Arechavala Biocruseko gaixotasun neuromuskularren saileko ikertzaileak eskertu egin du Gomezen esfortzua. “Bere motibazioak ikertzaileok motibatzen gaitu. Gaixotasun arraroak ikertzen dihardugunok diru laguntza gutxi jasotzen ditugu, eta eguneroko lanean hainbat zailtasun ditugu; horregatik eskertzen dugu Sergio egiten ari dena. Horrez gain, ikertzaileoi gustatzen zaigu ikustea guk egiten dugunak funtzio soziala duela, eta animo handia ematen digu Sergio bezalako jendea inplikatuta ikusteak”. Ainara Vallejo Biodonostiako gaixotasun neuromuskularren saileko ikertzaileak ere Gomezen inplikazioa nabarmendu du. “Ekonomikoki lasaitasuna ematen digu urtero diru kopuru bat jasotzeak –asko ez bada ere–, egunerokoan lagundu egiten digu horrek. Bestetik, izugarria da Sergiok gizartea mobilizatzeko duen gaitasuna. Ikerketa bultzatzeko baliabideak, politikariak eta administratzaileak behar ditugu, eta Sergio eredu da horretan”.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak “positiboa” dela uste du Gomezen proiektua. “Elkartasuna da proiektu honen oinarria; ikertzaileei laguntzea du helburu, eta horregatik da guretzat proiektu oso egokia, balioengatik hitz egiteko aukera ematen duelako”. Horrekin batera, haren esanetan, “iraganarekin lotura” egiten duelako ere bada egitasmo egokia. “Euskaldun unibertsalena Loiolako Inazio da, eta Erroman lurperatuta dago. Horrek demostartzen du euskaldunok mundua eraldatzeko gogoa daukagula, eta, batez ere, mundu injustu bat justu bilakatzekoa. Azpeitia eta Erroma berriz lotuko dira egitasmo honen bidez, eta, hain justu, azpeitiar horrek erakutsitako doktrinak jarraitzen dituen Aita Santuak jasoko du nik neuk idatzitako eskutitz bat, Azpeitia eta Erroma berriz elkartuko direlako”.