Bi txapel, bi azpeitiarren eskutik

Uztarria.eus 2017ko abe. 17a, 22:05

Maialen Lujanbio. Izen hori du gaurkoan bertsolaritzak. BECeko publikoa erabat bereganatuta, hark irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusia, bigarren aldiz. Xebastian Lizasok jantzi dio txapela, besarkada estua bezain beroa eman ostean. 1986an Euskal Herriko txapela irabazi zuen Lizasok, eta Lujanbiori janztea tokatu zaio gaurkoan. Duela zortzi urte, berriz, Joxe Agirrek jantzi zion txapela Lujanbiori. Bi txapelak, beraz, bi azpeitiarren eskutik jantzi ditu.

Honela kantatu dio Lizasok Lujanbiori, txapela janzteko unean: “Txapelarekin goza ezazu ondorengo urteetan, txapelak ere gozatu dezan buru ahaltsu horretan”. Bestalde, finala amaitu ostean, hitz hauek esan ditu txapeldunak, Lizasori buruz, ETB1en egin dioten elkarrizketan: “Guretzat eredu izan da Xebastian, erreferente bat. Bertsolari eta lagun ona da, eta ilusioa egin dit txapela berak janzteak”.

(Bideoa: Berria)