Hilaren 24 eguerdian iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Azpeitira

Uztarria.eus 2017ko abe. 14a, 16:00
Mari Domingi eta Olentzero haur batzuk magalean hartuta iaz.

Aurten eguerdian iritsiko dira herrira Olentzero eta Mari Domingi. 12:15ean San Martin egoitzako egoiliarrek ongietorria egingo diete bi protagonistei, eta, ondoren, Artzubia etorbidetik hasiko dute kalejiera. 13:00etan geldialdia egingo dute, eta han bukatuko ibilbidea ekitaldiarekin.

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, aurten ordu batzuk lehenago iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi herrira. Hilaren 24 eguerdian jasoko dituzte herritarrek Gabonetako bi protagonistak, eta ikastetxeetako haur eta gaztetxoek, ttuntturroek, txistulariek eta Juan Antxietako soinujoleek lagunduko diete kalejiiran.

12:15ean, San Martin egoitzako egoiliarrek ongietorria egingo diete Olentzerori eta Mari Domingiri. Ondoren, 12:30ean, kalejirari hasiera emango diote Artzubia Etorbidetik abiatuta. Itsasi dantza taldeak, txistulariek, Juan Antxieta musika eskolako soinujoleek parte hartuko dute kalejiran, eta Olentzero eta Mari Domingi idiak bultzatuko gurdian aterako dira. Honako ibilbide hau egingo dute:Artzubia etorbidea, Goikokale, plaza, Enparan kalea, Perez Arregi plaza, Erdikalea eta plaza.

Kalejira bukatzean, 13:00etan, plazan egingo dute geldialdia Olentzerok eta Mari Domingik. Bertan aurreskua egingo diete Itsasiko haurrek eta Xebastian Lizasok bertsoak abestuko ditu. Ondoren, Olentzerok hartuko du hitza, eta Olentzerori hainbat abesti kantatu ostean, gaztainak banatuko ditu. Eguraldi txarra egingo balu, Azoka Plazan egingo dute ekitaldia.

Udalak antolaketan eta ekimenean parte hartuko duten guztiei eskerrak eman dizkie.