XVII. San Silbestre lasterketan izena eman daiteke dagoeneko

Uztarria.eus 2017ko abe. 14a, 13:37
Nerea Uranga 'Hitza'-ko zuzendaria, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotzia, eta Xeyeko Aiora Altuna, Pedro Muñoz eta Egoitz Arruti, lasterketaren kartelekin eta txapelekin.

Berrikuntzekin dator aurten abenduaren 31ko kirol festa. Bi lasterketa bakarrik egingo dituzte, 11:30ean proba irekia eta 12:00etan nagusia. Eskolarteko eta patinatzaileen lasterketarik ez da izango aurten.

Hamazazpigarren edizioa beteko du abenduaren 31n Azpeitiko San Silbestre lasterketak. Xeye atletismo taldeak Urola Kostako Hitzaren laguntzarekin eta Azpeitiko Udalaren babesarekin antolatzen duen probak festa giroa eraman ohi du urtero Azpeitiko kaleetara eta aurten ere horrela izatea nahi dute antolatzaileek.

Berrikuntzekin eta aldaketekin dator, gainera, 2017ko sansilbestrea. Batetik, aurten eskolarteko lasterketarik ez dute egingo, eta patinatzaileentzakoa ere kendu egin dute egitarautik. "Eskolartekoak eta haien gurasoak lasterketa irekian parte hartzera gonbidatu nahi ditugu", esan zuen atzoko aurkezpen prentsaurrekoan Xeyeko Egoitz Arrutik. Izan ere, hirugarren urtez egingo dute Xeyek eta Txolartek elkarrekin antolatutako lasterketa irekia, "inklusioa bultzatzeko". 11:30ean hasita, plazan hasi eta bukatuko den 600 metroko proba horretan parte hartzeko ez dago izena eman beharrik, eta sailkapenik ere ez du izango lasterketak. Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte lasterketa horretan parte hartzera. "Edozeinek egiteko neurrikoa eta bakoitzak bere martxan egitekoa" dela nabarmendu zuten aurkezpenean, eta aurreko bi edizioetan bezala "festa giroan" egitea nahi dute.

Izena emateko aukera zabalagoa

Lasterketa irekiaren ondoren, 12:00etan hasiko da 6,2 kilometroko lasterketa nagusia, eta horretan parte hartzeko bai eman behar dela izena. Kirolprobak.com webgunean irekita dago aukera hori, abenduaren 29a bitartean, 9 euroren truke. Kadete eta jubenil mailakoek lasterketa nagusian irtengo dute seniorrekin eta beteranoekin batera.

Gero, egunean bertan ere izango da izena ematerik, 11:00ak arte, eta lehen aldiz, baita lasterketaren bezperan ere. Izan ere, abenduaren 30ean, larunbata, Azoka Plazan egongo dira Xeyekoak 17:00etatik 20:00etara, dortsalak banatzeko eta izena eman nahi dutenentzako ere bai. Bai 30ean eta bai 31n izena ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dute. Hala ere, "izena lehenbailehen" ematera animatu nahi dituzte lasterkariak, "antolaketarako gauzak errazten" dituelako. 900 lasterkaritan jarri dute aurten parte hartze muga.

330dik gora opari

Aurtengo honetan ere, lasterketa "herrikoia" izatea espero dute antolatzaileek. Aurreko edizioetan bezala, lasterketaren bukaeran parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dituzte, eta parte hartzaileei oroigarri moduan elastiko bana emango zaie. Urdaiazpikoak, ardo botilak, sagardo botilak, otartekoak, kirola egiteko materiala eta beste hainbat opari sartuko dituzte zozketan. Horrez gain, lasterketa nagusiko lehen hiru gizonezkoei eta hiru emakumezkoei sariak banatuko zaizkie, baita maila bakoitzeko aurrenekoari ere.

Zerbitzuei dagokienez, aldagelak eta dutxak, aurreko urteetan bezalaxe, Izarraitz pilotalekuan egongo dira, lasterketa hasi eta bukatuko den plazatik bertan.