Epaileak berretsi egin du Josu Urbietari ezarritako 16 urteko kartzela zigorra

Uztarria.eus 2017ko abe. 13a, 22:11

2010ean Jean-Serge Nerin polizia hiltzea eta gertaera harekin zerikusia izatea leporatuta epaitu zituzten duela bi urte ETAko sei kide. Orduan, 16 urteko espetxe zigorra ezarri zion Parisko Zigor Auzitegiak azpeitiarrari, eta helegite epaiketaren ostean zigorra berretsi du epaileak. Zazpi urte eta sei hilabete daramatza espetxean Urbietak, eta haren senideek azaldu dutenez, bost urte eta zortzi hilabete falta zaizkio zigorra betetzeko.

Parisko Zigor Auzitegiak gaur arratsaldean jakinarazi du Josu Urbieta Pow azpeitiarraren eta beste hiru lagunen aurkako apelazio auziko epaia. Hain zuzen ere, epaileak 2015ean ezarritako kartzela zigorrak mantendu ditu, eta 25 eta 14 urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie ETAko lau kideei. Pow 16 urteko espetxealdiarekin zigortu dute, 25 urtekoarekin Arkaitz Agirregabiria eta 14na urteko espetxe zigorra ezarri die epaileak Izaskun Lesakari eta Xabier Goienetxeari.

Joan zen azaroaren 20an hasi zen lau lagunen aurkako apelazio epaiketa Parisen. 2010ean Jean-Serge Nerin polizia hiltzea eta gertaera harekin zerikusia izatea leporatuta epaitu zituzten duela bi urte ETAko sei kide. Frantziako Zigor Auzitegiak 2015eko abenduan jakinarazi zituen sei kideei ezarritako kartzela zigorrak, eta azpeitiarrari 16 urteko espetxealdia ezarri zioten –fiskalak 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat–. Gainera, aurretik zuen beste zigor baten zatia ere erantsi zioten, eta, guztira 19 urteko espetxe zigorra ezarri zioten azpeitiarrari. Sei lagun haietatik lauk helegitea aurkeztu zuten –tartean Urbietak–, baina helegite epaiketa egin ostean, horiei ez dizkiete zigorrak murriztu.

Urbietak zazpi urte eta sei hilabete daramatza espetxean, eta haren senideek UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi diotenez, Frantziako espetxe zigor sistema kontuan hartuta eta orain arte kartzelan pasatu dituen urteak kontuan hartuta, bost urte eta zortzi hilabete falta zaizkio zigorra bete eta espetxetik ateratzeko.

Gaur goizean egin dute epaiketako azken auzi saioa, eta han Jean-Serge Neriren familiari "atsekabea" azaldu dio Xabier Goienetxea auzipetuak lau epaituen izenean. Adierazi du gertaera horrek "kalte politikoak eta humanoak" eragin zituela. Izaskun Lesaka auzipetuak ETAren izenean hitz egin du, eta gertatutakoa "benetan sentitzen" dutela azaldu du: "Errespetu guztiarekin egiten dugu, badakigulako ez dagoela min hau baretzeko hitzik".