Giro ederrean ari dira ospatzen Santa Luzia eguna Elosiagan

Uztarria.eus 2017ko abe. 13a, 13:46

Gaur, abenduak 13, Santa Luzia eguna, urtero legez ospakizunetan murgilduta dira herritarrak Elosiaga auzoan. Egitaraua mezarekin hasi dute 10:30ean, Santa Luzia baselizan. Zumaiako eta Azpeitiko abesbatzak eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzaileak parte hartu dute bertan. Gainera, aurten, Juan Bautista Mendizabal historialariak Elosiagaren eta San Inazioren arteko loturaz azalpenak eman ditu meza ostean.

Tenperatura hotza tarteko, hamaiketakoa Añota sagardotegiaren barruan egin dute bertaratu diren dozenaka lagunek. Jan-edanaz gozatu dute, Itzeder eta Txibilter trikitilariek eskainitako doinuek lagunduta. Eguerdi partean, berriz, herri kirolak egin dituzte. Hain zuzen ere, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariek eta Martin Mendizabal eta Elias Perez harrijasotzaileek egin dute erakustaldia. Festa egunari bukaera bazkariarekin emango diote, Añota sagardotegian, 14:00etan hasita, eta arratsaldean bertsolariekin eta trikitilariekin erromeria izango dute.