Azpeitiar petoen umore tantak

Urola Kostako Hitza 2017ko abe. 12a, 15:27
Olatz Aguado Foru Ibilbidean jarri duen erakusketan. (Ihintza Elustondo)
Olatz Aguadok Petopetue proiektuaren erakusketa zabaldu du. Azpeitian eta inguruan erabiltzen diren esapideak ilustrazioz apaindu eta askotariko produktuak sortu ditu. Urola Kostako Hitzak Aguadorekin hitz egin du erakusketa zabaldu berritan.

Asko lanaz hitz egitean esatera ausartzen ez diren esaldia errepikatzen du behin eta berriro  Olatz Aguadok (Azpeitia, 1972) Petopetue proiektuaz galdetzean. "Oso-oso ondo pasatu dut". Azpeitiko hizkera eta umorea nahastu, irudimenari hegan egiten utzi eta burura etorri zaizkion bat-bateko ideiei segika hainbat marrazki ondu du. Ondoren, irudi eta esapide horiek uztartu eta kamisetak, jertseak, katiluak, poltsak, pinak zein mantalak sortu ditu. Aurten Azpeitiko Udalak eman dituen Sorkuntza Beketako bati esker garatu du egitasmoa, eta egin dituen lanak ikusgai jarri ditu Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Abenduraren 19ra bitartean izango da zabalik erakusketa.

Aspaldidanik margotzen du Aguadok, baina ez zuen Sorkuntza Bekara ezer aurkezteko asmorik. Halere, "udalaren inguruko pertsona batek" animatu zuen: "Olatz, horrenbeste ideia izaten dituzu buruan, eta Sorkuntza Bekara aurkezteko ezer ez al daukazu?". Bat-batean otutako ideia batetik abiatuta idatzi zuen Petopetue proiektua Aguadok. "Bat-bateko dezente izaten ditut, eta hau horietako bat da".

Bekan zehazten denez, Azpeitiarekin zerikusia izan behar dute aurkeztutako egitasmoek, eta, horregatik, Azpeitian eta inguruetan erabiltzen diren esaldiak aukeratu ditu sortzaileak ilustrazioz hornitzeko: besteak beste, Lepo matte haut, Azpeitin txermena, illetargiye, sokamuturre… Euskarari dagokionez, "zalantza batzuk" izan ditu, eta Natul Azpeitiko euskara taldea izan du bidelagun horiek argitzerakoan.

Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke erreportaje osoa.