Esperimentaziorako grinak batu ditu

Urola Kostako Hitza 2017ko abe. 12a, 13:17

Mikel Laboaren omenezko diskoa kaleratu berri du Delorean taldeak, haren abestien moldaketekin. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskainiko du kontzertua, larunbat honetan.

Mikel Laboaren eta Delorean taldearen musikek lehen belarri kolpean ez dute bata bestearekin zerikusirik. "Ukitzen ez diren bi mundutatik" datoz, Ekhi Lopetegi Deloreaneko abeslariaren iritziz. Badute batzen dituen zerbait, ordea: esperimentaziorako grina, hain zuzen ere. "Laboak sormenarekin duen konpromisoa oso geure egin izan dugu gure ibilbidean", nabarmendu du Lopetegik.

Pasa den azaroaren 15ean kaleratu zuten Igor Eskuderok, Unai Lazkanok, Guillermo Astrainek eta Lopetegik berak Mikel Laboa disko berria, Elkar argitaletxearekin, eta orain sustapen lanetan murgilduta dabiltza buru-belarri. Ildo horretatik, hainbat zuzeneko emanaldi dituzte aurreikusita; besteak beste, ostiral honetan Hernanin, eta larunbatean Azpeitian.

Disko berriak, hain justu ere, zuzenekoetan du abiapuntua. 2014an Donostiako Udalak Adarra Saria eman zion Mikel Laboari, haren sorkuntza lana aitortze aldera. Laukoteak sari banaketa ekitaldian hartu zuen parte, musikari donostiarraren abestien moldaketekin emanaldia eskainiz. Horren ondoren, Bilboko Arriaga jauregian eta Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian Laboaren omenezko kontzertu bana eskaini zituen laukoteak. Hortik abiatu zen Delorean eta Laboa uztartuko zituen proiektua, nahiz eta laukoteak ez zuen hasiera batean halakorik buruan. "Guk ez geneukan pentsatuta Laboaren abestiak moldatzea; ez genuen halako proiekturik aurreikusi".

Adarra Sariko ekitaldirako, ordea, 45 minutuko musika berria sortu zuten. Arriagan, berriz, 15 minutu luzatu zuten aurreko emanaldiko saioa. "Laboaren abestien moldaketekin ordubeteko saioa genuen osatuta. Orduan pentsatu genuen momentuz alde batera uztea, baina denbora geneukanean agian disko bat egitea ongi legokeela". Izan ere, Muzik diskoan buru-belarri lanean zebilen laukotea. Bere seigarren diskoa kaleratu ondoren, beste proiekturik ez zuten esku artean, eta "modu naturalean" sortu zen disko hau kaleratzeko ideia.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzan.