Xebastian Lizaso: "Ez da ohorea niretzat bakarrik; gure aitarentzat eta nire semeentzat ere bada aitortza”

Uztarria.eus 2017ko abe. 12a, 13:09

Lizasok bizitza erdia baino gehiago darama plazaz plaza, eta txapeldun izana da; hain zuzen ere, 1986an irabazi zuen Euskal Herriko Txapelketa azpeitiarrak. Duela hilabete inguru "modu oso berezian" eman zion albistea Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Irabazleari txapela berak janzterik espero ez bazuen ere, "gustura" dago Lizaso.

Xebastian Lizasok (Azpeitia, 1958) jantziko dio txapela igandean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusiaren irabazleari. Lizasok bizitza erdia baino gehiago darama plazaz plaza, eta txapeldun izana da; hain zuzen ere, 1986an irabazi zuen Euskal Herriko Txapelketa azpeitiarrak. Bere aita Joxe Lizasoren bidea gaztetan hartu zuen Xebastianek, eta lehen saioa 1974an egin zuen Andoni Egañarekin.

Lizasorekin hitz egin du Uztarria.eus-ek, eta hark azaldu duenez, ez zuen "espero" txapela janzteko "ohorea" izaterik. Duela hilabete inguru "modu oso berezian" eman zion albistea Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak. "Aitaren errautsak dauden tokian esan zidan. Beno ez zidan niri esan, aita zenari esan zion. Hura bisitatu behar zuen aitzakiarekin etorri zen, nik ez nuen halakorik pentsatu ere egiten. Hala esan zion: 'Kaixo, Joxe. Bisita zor nizun. Txapela hainbeste aldiz jantzi eta erantziko zenuen bizitzan, baina txapeldun bati ez diozu inoiz jantzi. Ondorengoak utzi zenituen, horietako bat txapelduna izan zen, eta berak jarriko dio aurten txapeldunari txapela". Lizasok esan duenez, "pasa-pasa" eginda gelditu zen: "Sorpresa ikaragarria izan zen". Hark adierazi duenez, sekula ez zitzaion "burutik pasatu" halakorik egiteko esango ziotenik. "Poz handiarekin hartu dut, eta gustura nago oso. Jende gutxik izaten du txapela janzteko aukera eta… Gainera, ez da ohorea niretzat bakarrik; gure aitarentzat eta nire semeentzat ere bada aitortza".

Finalerako egun gutxiren faltan ez dagoela "urduri" aitortu du: "Oraindik ez nago urduri, baina igandean jarriko naiz. Momentua etorri arte, jai arratsaldera arte, denbora badago urduri jartzeko".

Igandean jokatuko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala Barakaldoko BECen. Honako zortzi bertsolari hauek ariko dira kantuan: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Agirre eta Sustrai Colina. Zortzi lagun horietatik finalean nagusitzen denari jantziko dio txapela Lizasok.