Sorgin ehizaren historia eta istorioak, ingelesetik euskarara ekarrita

Urola Kostako Hitza 2017ko abe. 12a, 12:03
Lazkano eta Arruti erdian, liburuaren aurkezpenean. (Eskafandra)

Silvia Federiciren Caliban eta sorgina saiakera euskaratu dute Edurne Lazkanok eta Aitor Arrutik, Eskafandra bildumarako. "Irakurgai erraza eta oso-oso aberatsa" dela dio Arrutik.

Pentsamendu feministan giltzarri diren liburuak euskaratzeko helburuarekin sortu zuten iaz Eskafandra bilduma izen bereko edizio taldea osatzen duten Eider Rodriguezek, Anari Alberdik, Ainara Lasak, Maialen Lujanbiok, Idurre Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak eta Lorea Agirrek, Elkarren eta Jakinen eskutik. Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea izan zen argitaratu zuten lehen liburua, Danele Sarriugartek euskaratua; Virginie Despentesen King Kong teoria etorri zen gero, Itziar Diez Ultzurrunen itzulpenarekin; eta amaitu berri den Durangoko Azokaren atarian atera zuten labetik hirugarrena, Silvia Federiciren Caliban eta sorgina. Edurne Lazkano azpeitiarra eta Aitor Arruti urrestildarra izan dira lan hori ingelesetik euskara ekartzeaz arduratu diren itzultzaileak.

Itzulpengintzan lan egiten dute Lazkanok eta Arrutik, eskarmenturik ez zaie falta lanbidean, baina Eskafandrakoek eskatuta egin duten lana "aparteko zerbait" izan dela aitortu du Arrutik, egunerokoan esku artean izaten dituzten testuekin alderatuta. Ekainean jaso zuten enkargua, liburua Durangorako prest egon behar zela jakinarazita, eta baiezkoa eman zuten. "Txikitatik"” ezagutzen dute elkar Arrutik eta Lazkanok, lanean ere behin baino gehiagotan egokitu zaie batera aritzea, eta elkarrekin lan egin zaharrak ez ziren Caliban eta sorginaren itzulpenari ekin ziotenean, Julen Garate azkoitiarrak udaberrian aurkeztu zuen Argi estalia liburuaren lantaldean aritu baitziren biak. "Lagunarteko edizio lana izan zen. Orduan hartu genuen lan metodo bat, eta metodo hori bera aplikatu dugu itzulpen lanerako", azaldu du Arrutik.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.