Santa Luzia Eguna ospatuko dute etzi, Elosiaga auzoan

Uztarria.eus 2017ko abe. 11a, 13:31
Baselizatik AƱota sagardotegira kalejira egingo dute, Itzeder eta Lidia trikitilariekin.

Egun osorako egitaraua antolatu dute etzirako, eta meza, kalejira, hamaiketakoa, bertsolariak, bazkaria, trikitilariak eta erromeria izango dituzte, besteak beste.

Elosiaga auzoan Santa Luzi Eguna ospatuko dute etzi, asteazkena. Egunari hasiera Meza Nagusiarekin emango diote, 10:30ean, auzoko Santa Luzia baselizan. Zumaiako eta Azpeitiko abesbatzak eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzaileak parte hartu dute. Gainera, Juan Bautista Mendizabalek Elosiagaren eta San Inazioren arteko loturaren inguruko azalpenak emango ditu. Ondoren, soinu-jotzaileekin kalejira egingo dute Añota sagardotegira, eta han, 11:30ean, hamaiketakoa egingo dute. Bertsotan ariko dira Sebastian Lizaso eta Millan Telleria, eta giroa alaitzen, berriz, Lidia eta Itzeder. Gero, 12:30ean, herri kirol erakustaldia egingo dute Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariek eta Martin Mendizabal eta Elias Perez harrijasotzaileek. Eta, festari bukaera bazkariarekin emango diote, Añota sagardotegian, 14:00etan hasita, eta arratsaldean bertsolariekin eta trikitilariekin erromeria izango dute.