Zabalik da Olatz Aguadoren 'Petopetue' erakusketa

Uztarria.eus 2017ko abe. 11a, 13:34

Azpeitiko hizkera eta umorea nahastu eta irudimenari hegan egiten uztea. Horixe da Olatz Aguado sortzaile azpeitiarraren Petopetue proiektuaren muina. Aurten Udalak eman dituen Sorkuntza Beketako bati esker gauzatu du egitasmoa, eta egin dituen lanak ikusgai jarri ditu Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Bere ilustrazioak jasotzen dituzten kamisetak, jertseak, katiluak, poltsak eta pinak daude bertan, besteak beste. Lepomattehaut, Azpeitin txermena, illetargiye, sokamuturre... eta antzeko esamoldeak irakur daitezke lan horietan.

Joan den igandean zabaldu zuen erakusketa, eta abenduaren 19ra bitartean izango dira haren lanak ikusgai, astegunetan 10:00etatik 12:30era eta 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Aguadoren lanak www.petopetue.eus webgunean ikusi eta eros daitezke.