Jostailuen egokitasunaren inguruko bi hitzaldi izango dira datozen egunetan

Uztarria.eus 2017ko abe. 11a, 12:38
Jostailuak erostekorakoan jarraitu beharreko irizpideez jardungo dute solasaldietan.

Cristina Blazquez gizarte eta kontsumo hezitzailea jostailuak erosterakoan jarraitu beharreko pausoez arituko da bihar, Iraurgi Ikastetxean; asteazkenean, Itsaso Pagoagak Nola aukeratu jostailu egokia hitzaldia emango du, Gaztelekuan.

Gabonen atarian, jostailuen egokitasunari buruzko bi saio egingo dituzte datozen egunetan herrian. Bata Iraurgi ikastetxeak antolatuta, bihar izango da; bestea Gazte Informazio Bulegoak antolatu du, eta asteazkenean egingo dute, Gaztelekuan.

Kontsumobideren eskutik, Cristina Blazquez gizarte eta kontsumo hezitzaileak hitzaldia emango du bihar, 17:30ean, Iraurgi ikastetxeko Haur Hezkuntzako eraikinean. Jostailuak erostekorakoan jarraitu beharreko pausoez edo kontuan hartu beharreko irizpideez jardungo du Blazquezek. Antolatzaileen esanetan, "gabonen atarian, merkatuan hainbat eta hainbat jostailu eskaintzen zaizkigu. Hala ere, Olentzeroren saskian, haurraren eta gurasoen nahiak bat egitea zaila izaten da. Gurasoen kezka izaten da erositako jostailua egokia den edo zer balore transmititu beharko lituzkeen. Hain zuzen ere, horiei laguntza emateko asmoarekin prestatu dugu jostailuen gaineko solasaldi hau".

Asteazkenean, berriz, Olgeta jolaserako baliabide zerbitzuko Itsaso Pagoagak Nola aukeratu jostailu egokia hitzaldia eskainiko du, 15:10etik 16:45era bitartean. Jostailu egokiak nola aukeratu eta horiei zer erabilera eman azalduko du Pagoagak. Gaztelekuan izango da saioa eta herritar oro gonbidatu dituzte bertara.