Hainbat herritar 'Pow'-ri "elkartasuna adieraztera" joan da Parisera

Uztarria.eus 2017ko abe. 8a, 17:21

Joan den azaroaren 20an hasi zen Josu Urbieta Pow azpeitiarraren eta beste hiru lagunen aurkako apelazio epaiketa, Parisen. Lau aste iraungo du epaiketak, eta, gaur, autobus bat joan da Azpeititik auzi saiora. Bertan izan da hainbat azpeitiar, irudian ikus daitekeenez. Biharko Parisko manifestaziora joateko aprobetxatuko dute bidaia.

Frantziako Zigor Auzitegiak 2015eko abenduan jakinarazi zituen Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik akusatutako sei kideei ezarritako kartzela zigorrak. Azpeitiarrari eta Joseba Fernandezi 16 urteko zigorra ezarri zieten. Orduko epaiak zioenez, "frogatuta gelditu da biek pistolak erabili zituztela poliziei erasotzeko". 2015eko abenduan zigortutako sei lagunetatik lauk helegitea aurkeztu zuten, tartean Urbietak. Ondorioz, akusatuen aulkian eseri behar izan du berriro.

2010eko ekainean atxilotu zuten Urbieta Frantzian, eta La Santeko kartzelan preso egon ostean, Potiers-Vivonne kartzelara aldatu zuten 2014an; etxetik 486 kilometrora dago egun. 2012ko azaroaren 7an epaitu zuten Urbieta Parisen, eta ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatuta, bost urteko espetxe zigorra jarri zion epaileak azpeitiarrari. 2015eko azaroaren 2an hasi zen Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik akusatutako sei lagunen aurkako epaiketa. Fiskalak 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Urbietarentzat, baina epaileak 16 urteko kartzela zigorra ezarri zion Urbietari. 2015eko abenduaren 2an eman zuten epaiaren berri, eta aurretik zuen beste zigor baten zatia erantsi ostean, guztira, 19 urteko espetxe zigorra ezarri zioten azpeitiarrari.