Auzo bilerak egingo dituzte Urrestillan eta Nuarben datorren astean

Uztarria.eus 2017ko abe. 8a, 14:08
Urrestillako bidegorriaren proiektua izango dute hizpide Urrestillako auzo bileran.

Urrestillan, astelehenean bilduko dira, eta bidegorriaren proiektua azaltzea izango da saioko helburu nagusia. Nuarben, berriz, ostegunean egingo dute bilera, eta ur zikinaren arazoari konponboidea ematen saiatuko dira.

Auzoetako ordezkariek udal ordezkariekin eginiko bileran adostuta bezala, datorren astean auzo bilerak egingo dituzte Nuarben eta Urrestillan. Urrestillan, astelehenean –hilak 11– dute hitzordua, 19:00etan, jubilatuen lokalean, eta Urrestillako bidegorriaren proiektua azaltzea izango da bileraren helburu nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundiak  bidegorriari dagokion zatiaren %75 ordaintzeko partida jarri du, eta Udala "ahal bezain pronto" hasiko da bere zatiko obrekin. Albistea jakinarazita, urrestildarren artean onartutako proiektua zein zen gogoraraziko dute astelehenean. Horrez gain, bestelako gaien inguruko galdera eta ekarpenak egiteko aukera izango da batzarraren bukaeran.

Nuarben, berriz, ostegunean –abenduak 14– bilduko dira. Auzoko hainbat etxetara tarteka ur zikina iristen da, eta horri irtenbidea ematen saiatuko dira Udala eta Gipuzkoako Urak. Proiektua zertan datzan azaltzeko bilera egingo dute, 19:00etan, Sokatira elkartean.