Adin txikiko hamasei azpeitiarrek dispertsioaren ondorioak jasaten dituztela salatu du Sarek

Uztarria.eus 2017ko abe. 6a, 19:26

Aita, ama edo biak espetxean dituzten 113 haur edo nerabe daude Euskal Herrian, eta horietako bat azpeitiarra da. Horrez gain, beste hamabost adin txiko herritarrek "dispertsioa pairatzen" dutela gogoratu du Sarek.

Orain arte "nahiko ezkutuan" egon den komunitate baten berri eman du Sare Herritarrak. Aita, ama edo biak espetxean dituzten haur eta nerabeena, hain zuzen. Gaur egun, Euskal Herrian egoera horretan aurkitzen diren 113 haur edo nerabe zenbatu dituzte, eta horietako bat azpeitiarra dela gogoratu du Azpeitiko Sarek.

Dispertsioa jasaten duten adin txikikoak, baina, gehiago dira herrian. Izan ere, Sarek jakinarazi duenez, hamasei adin txikikok jasaten dituzte dispertsioaren ondorioak. "Azken boladan, motxiladun ume moduan ikusarazi dugu kolektibo hau. Motxila horiek euren gurasoak ikusteko egin behar izaten dituzten milaka kilometroren isla dira" adierazi du euskal presoen eskubideen aldeko taldeak. 

"Egungo espetxe politika gizagabeak" gaur egun 113 haur eta neraberi beren gurasoen ondoan hazteko eskubidea "ukatzen" diela salatu du Sarek, eta hori aldaketa lanketa abiatu du. "Guztiok eragin dezakegu haurren heziketan, aisialdian, garapenean, osasunean, eta horregatik nahi dugu lanketa herriratu", diote. Gaia gizarteratzeko, kantu bat egin du Sarek.