Atzegiko boluntarioek jaso dute Foru Aldundiaren Boluntariotza saria

Uztarria.eus 2017ko abe. 6a, 18:14

2017ko Gipuzkoako Boluntariotza saria jaso zuten Atzegiko boluntarioek, tartean Azpeitikoek, atzo. Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen egoitzan egin zuten sari banaketa, eta 180 gonbidatu elkartu ziren han. Azpeitiko Atzegiko kideek ez zuten hutsik egin, eta sari banaketa ekitaldian izan ziren boluntario taldeko hainbat lagun, baita Atzegiko erabiltzailea den Ander Alberdi azpeitiarra ere. Alberdik eskerrak emateko betso batzuk botatzeko tartea hartu zuen, gainera.

Josean Idoeta Azpeitiko bizilaguna da Atzegiko lehendakaria, eta hark hitza hartu zuen atzoko ekitaldian. Idoetak "eskerrak" eman zizkien boluntario gisa lanean aritzen direnei: "Langileek lan aparta egiten dute, desgaitasun intelektuala duten pertsonen gizarte bizitza parte hartzeko. Espero dugu oraindik boluntario gehiago lortzea". Horrez gain, nabarmendu zuen Atzegiko boluntarioen lanak "onera" eragiten duela erabiltzaileen familien bizi kalitatean: "Izan ere, elkarteko familiek ikusten dute beraien seme-alabek harreman berriak egiten dituztela, eta aisialdiaz beste edozein pertsonak bezala gozatzen dutela". Idoetari elkarrizketa egin zion Uztarriak, aldizkariaren 199.zenbakian

Sarien epaimahaiak nabarmendu zuen Atzegi 1960. urteaz geroztik ari dela lanean, eta urte horietan guztietan era guztietako programak eskaini dituela, hala nola egoitza programak eta familien arretako egitasmoak. Aisiari eta kirol eta denbora libreari dagokionez, Txolarteren lana izan zuten kontuan.

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak esan zuen Atzegiko boluntarioek egiten duten lana "solidarioa, eskuzabala eta ordainezina" dela. "Sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen eredu paregabea dira Atzegiko boluntarioak, elkarbizitza nahiz enpatia sustatzen dutelako eta gertutasuna erakusten dutelako".