Sammic ISBk zapatuan Azkoitian jokatuko duen partidara joateko autobus zerbitzua jarri du Iraurgik

Uztarria.eus 2017ko abe. 6a, 12:41

Bazkide txartela edo neurketarako sarrera erakustea nahikoa izango da autobusa erabili ahal izateko. 17:00etan eta 17:30ean irtengo dira autobusak, anbulatorio aurretik. Aldez aurretik erosita merkeagoak izango dira sarrerak, 5 euro; Azpeitiko Eguzkitzan eta Azkoitiko Zurten eros daitezke. Egunean bertan ohiko prezioa izango dute txartelek, 10 euro.

Lehen aldiz jokatuko du Sammic ISBk Urrezko LEB ligako etxeko partida bat Azkoitiko kiroldegian. Zapatuan izango da; 18:00etan hasita, Mallorkako Iberostar Palma taldearen kontra ariko dira Lolo Encinasen gizonak.

Lekualdatze hori dela eta, autobus zerbitzu berezia jarri du Iraurgik, Azpeititik joan nahi duten zaletuentzat. Bazkide txartela edo neurketarako sarrera erakustea nahikoa izango da autobusa erabili ahal izateko. 17:00etan eta 17:30ean irtengo dira autobusak, anbulatorio aurretik. "Ekimen hau ondo ateratzen bada, eta autobusak errentagarriak badira, gainontzeko partiduetan ere autobusak jartzea planteatu" dezaketela esan dute klubeko arduradunek.

Sarrerak merkeago aurrez erosita

Autobusa jartzeaz gain, zaletuak Azkoitiko partidara erakartzeko beste neurri bat ere hartu du Iraurgik. Horrela, aldez aurretik erosita merkeagoak izango dira sarrerak, 5 euro; Azpeitiko Eguzkitzan eta Azkoitiko Zurten eros daitezke. Egunean bertan ohiko prezioa izango dute txartelek, 10 euro.