Hastear dira Lapatx behin betiko ixteko lanak

Uztarria.eus 2017ko abe. 5a, 16:30
Lapatx zabortegiaren zigilatze lanak egin bitartean behin behineko estaldura jarri zuten. (Maialen Etxaniz)

Zigilatze lanekin hasteko baimena jaso du mankomunitateak, eta laster ekingo diote behin betiko itxieraren aurreneko faseari. Guztira, sei fasetan egingo dute. Lapatxeko zigilatze lanak egin bitartean behin-behineko estaldura bat jarri zuten zabortegian, euri urak lixibatu bihurtzea saihesteko eta metano gasak atmosferara zuzenean ez ixurtzeko. Hondakinak jasotzeko sistema berriari dagokionez, herrigunean urtarrila amaieran ezarriko dute txip bidezko edukiontzien sistema.

Pauso berri bat ematear dira Lapatx zabortegian. Iazko azaroaren 30ean itxi zuten Lapatx, eta orduz geroztik zigilatze lanetarako baimenak eskuratzeko tramitazio fasean aritu da Urola Erdiko Mankomunitatea (UEM). Orain, baimen horiek jasota, behin betiko itxiera lortzeko egin beharreko lanekin asteko pronto daude. 

Gaur jakinarazi dute berria Eneko Etxeberria alkateak eta Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. Etxeberriak esan du, uneotan, beren kezka nagusiena dela Lapatxen itxiera behin betirako izatea: "Ez dugu nahi zaborra Lapatxera itzultzerik. Ez dugu nahi zabortegi baten balizko beharraren aurrean  Lapatx berriro irekitzerik. Horregatik, Lapatx itxi zen unetik, itxiera hori behin betikoa izan dadin, behar diren neurriak hartzen ari gara. 

Zabortegi bat betirako ixteko, 30 bat urte irauten duen prozesu bat jarraitzea ezinbestekoa da. Aurrenik, Zabortegia ixteko baimena lortu behar da. Hori, iaz lortu zuten Udalak eta mankomunitateak, eta "asko kostatu" zela nabarmendu du Etxeberriak. Ondoren, zabortegia zigilatzeko baimenak lortuta behar dira, eta horiek dira orain lortu dituztenak. Ondorengo pausoa da, klausura edo zigilatze fasearekin hastea, eta horretarako prest dago mankomunitatea. Aitor Bereziartuak esan duenez, behin betiko itxiera fasearekin hasi aurretik, zabortegiak egonkortzeko lau edo bost urte inguru behar ditu. "Baina Lapatxek zati asko ditu. Batzuk beste batzuk baino zaharragoak dira, eta haiekin has gaitezke dagoeneko", argitu du. Guztira, bost geruza iragazgaitz jarri behar izaten dira zabortegia behin betiko ixteko. Lan horiek, sei fasetan egingo dituztela aurreratu du Bereziartuak. 

Aurreneko neurriak hartuta

Zigilatze lanekin hasterako, zabortegiak gaur egun sortzen duen kutsadura (lixibatuak eta metano usaina) saihesteko behin-behineko neurriak hartzen hasi zen mankomunitatea 2017 hasieran. Orduan, behin-behineko estaldura bat jarri zuten, lehen hondakinak batzen ziren lur eremuan, euri urak lixibatu bihurtzea saihesteko eta metano gasak atmosferara zuzenean ez ixurtzeko.

Sistema berriaz, azken xehetasunak

Udala eta mankomunitatea joan zen azaroan hasi ziren herriko auzoetan eta herrigunean hondakinak biltzeko sistema berriaren inguruko bilerak egiten, herritarrak sistema berriaz informatzeko. Batzarren bira bukatuta, sistemara egokitzeko neurriak ezartzen hastear dira mankomunitatea eta Udala. Bereziartuak aurreratu duenez, "abenduaren 11n iritsiko dira landaguneetan jartzeko ontziak, eta eremu horretan, abenduaren erdialdean jarriko dute martxan hondakinak biltzeko sistema berria. Santotomasetatik urtarrileko aurreneko astera bitartean, zabor asko sortzen duten saltokiei banatuko dizkiete zaborrontziak, eta Errege Egunaren inguruan jarriko dute martxan sistema berria. 

Herriguneari dagokionez, kontzientziazio kanpaina bat egingo dute urtarrileko bigarren astearen bueltan. Horrez gain, data horretan banatuko dituzte txipak etxez etxe. Zaborrontziak, berriz, sansebastianetatik urtarrila bukatu bitartean banatuko dituzte, eta ondoren ekingo diote sistema berria ezartzeari, "festak tartean ez harrapatzeko". Industria eremuan, berriz, otsaila hasieran hasiko dira hondakinak biltzeko modu berria ezartzeko neurriekin.