Txakur krosik ez dute egingo aurten Sanjuandegin

Uztarria.eus 2017ko abe. 4a, 18:25
Iazko txakur krosaren irudi bat.

Antolatzaileei ezinezko suertatu zaie hirugarren edizioa antolatzea, baina "atseden bat" izango dela eta lasterketa datorren urtean itzuliko dela aurreratu dute.

Sanjuandegiko Txakur Krosak ez du hirugarren edizioa aurten beteko. Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere abenduan egitekoa zen berez Euskadiko Txakurkros Ligaren barruko Azpeitiko proba, baina antolatzaileei ezinezkoa suertatu zaie lasterketa prestatzea. Egiturazko arazorik ez dute izan, ordea; horregatik, aurtengoa "atseden bat" izango dela diote, eta aurreratu dute 2018an itzuliko dela egutegira Sanjuandegiko Txakur Krosa.

Euskadiko liga martxan dela ere gogoratu nahi izan dute azpeitiar antolatzaileek, "eta azpeitiarrak ari dira parte hartzen". Ligaren gaineko informazioa nahi duenak, Euskadiko Txakurkros Ligaren webgunean aurkituko du.