'Independentzia, dena aldatzeko' jardunaldiak egingo dituzte datozen asteetan

Uztarria.eus 2017ko abe. 1a, 19:14
Ernaiko, IAko, LABeko eta Basanderiekeko kideak, gaur egin duten agerraldian. (Maialen Etxaniz)

"Egungo sistema kapitalista patriarkalarekin amaitzeko" eskatuko dute Ernaik, Basanderiek asanblada feministak, IAk eta LABek. Salaketa, aldarria eta formazioa uztartuko dituzte abenduaren 6tik 15era luzatuko diren jardunaldietan. Elkarlanean antolatutako ekintzak izanik, LABen egoitzan, Gaztetxean eta Emakumeen Txokoan egingo dituzte prestatutako jarduerak.

Ernai Gazte Antolakundeak Independentzia, dena aldatzeko jardunaldiak antolatu ditu Basanderiek asanblada feministarekin, LABekin eta Ikasle Abertzaleakekin elkarlanean. Helburua argi dute: "Sistema kapitalista patriarkal hau eraldatzeko alternatibak eraikitzea". Horregatik, salaketa eta aldarria uztartzeko, ekintza ezberdinak jorratuko dituzte datozen asteetan. Abenduaren 6an, Espainiako Konstituzio Egunean, ekingo diote prestatutako egitarauari, herri eskolekin. Ondoren, hitzaldi zikloari emango diote lekukoa. Eragile bakoitzak jorratzen dituen gaiak mahaigaineratuko dituzte, eta modu horretan, hizpide izango dituzte, besteak beste, langile klasearen eta independentziaren arteko harremana, independentziak hezkuntzaren arloan jorratzen duen papera eta emakumeek espetxeetan jasaten dituzten egoerak.

Ernaik adierazi duenez, "egungo sistemarekin aldatzeko" independentzia lortzea "beharrezkoa" da: "Horren zalantza zuenak, garbi ikusi ahal izan du Katalunian, azken hilabeteotan jazo diren gertakariekin eta horiei guztiei Espainiar estatuak, enpresek eta bankuek emandako erantzunarekin".

Bestalde, gazte antolatundeak salatu du "Espainiako estatu faxista" edozein askapen mugimendu deuseztatzeko "beharrezkoa den edozer egiteko prest" dagoela. "Gazteok sistema kapitalista patriarkal hau eraldatzeko asmo irmoa dugu, eta horretarako, zapalkuntzak salatzen eta alternatibak eraikitzen dihardugu. Bide horretan kokatzen dira datozen asteetarako antolatu ditugun ekimenak", azaldu dute jardunaldien antolatzaileek.

Honako hau da Independentzia, dena aldatzeko jardunaldien egitaraua osorik:

Abenduak 6, asteazkena:

Jai egun arrotzei intsumisioa! lelopean, herri eskolak.

Abenduak 11, astelehena:

Langile klasea eta independentzia hitzaldia, 18:00etan, LABen egoitzan (Done Jakue kalean).

Abenduak 13, asteazkena:

Emakumea eta kartzela hitzaldia, 18:00etan, Emakumeen Txokoan. Nagore Martinezek egiten ari den tesiaren inguruko azalpena emango du. Bestalde, Azpeitiko bizilaguna den Olatz Izagirrek bere testigantza kontatuko du.

Abenduak 15, ostirala:

Independentziaren eragina hezkuntzan: Aldaketa edo gaurkoaren euskal kopia? hitzaldia, 18:00etan, Gaztetxean, Iker de Luz soziologoaren eskutik.

20:00etan: Luntx musikatua, Gaztetxean.

21:00etan Tinko eta Hartz taldeen kontzertuak Orkatzen.