'Konstituzioa vs Herri borondatea' mahai ingurua antolatu du EH Bilduk abenduaren 6rako

Uztarria.eus 2017ko abe. 1a, 12:36

Arnaldo Otegik, David Fernandezek, Francesc Matasek eta Carmen Da Silvak parte hartuko dute solasaldian. Sanagustin kulturgunean izango da mahai ingurua, eta honako galdera hauen inguruan ariko dira, besteak beste: "Zeintzuk dira Espainiaren gainbehera kolokan jarri eta hori gauzatu ahal izateko gakoak? Zein da estaturik gabeko herrien errealitate soziala eta politikoak?"

Abenduaren 6rako mahai ingurua antolatu du Azpeitiko EH Bilduk, Konstituzioa vs Herri borondatea izenpean. Egun horretan, solasean ariko dira Arnaldo Otegi (EH Bildu), David Fernandez (CUP), Francesc Matas (Esquerres per la Republica Catalana) eta Carmen Da Silva (BNG) politikariak, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. 

Espainiako Konstituzioaren Eguna da abenduaren 6a, baina Azpeitiko EH Bildurentzat ospakizun eguna baino "aldarrikapen eguna" da, eta horren harira antolatu dute Konstituzioa vs Herri borondatea mahai ingurua: "Konstituzio eguna, batzuentzat, ospakizun eguna izanik ere, guretzat aldarrikapen eguna da. Euskal gizarteak onartu ez zuen, eta onartzen ez duen, Konstituzioa goratzeko inolako arrazoirik ez dago. Aldiz, hamaika dira Konstituzio horren itzalean urratzen diren eskubideak, ozen salatu beharreko urraketak".

Urte luzez Euskal Herrian, eta azken urte edo hilabeteetan Kataluinian 1978. urtean "demokraziaz mozorrotu zuten fartsa" horren "benetako arpegia" ikusi dela esan du koalizioak: "Espainiako Konstituzioa Espainiako estatuaren barruan bizitzera kondenatuta gauden herriek pairatzen dugun inposizioaren, ukazioaren eta mehatxuaren adierazle nagusia da. Espainiako estatuak demokratizazio prozesu sakona behar du. Horrren baitan, baita Euskal Herriko, Kataluniako eta Galizako araubideak ere".

Horren harira, hainbat galderari erantzuna ematen saiatuko dira hurrengo asteazkeneko mahai inguruan, besteak beste honako hauei: "Zeintzuk dira Espainiaren gainbehera kolokan jarri eta hori gauzatu ahal izateko gakoak? Zein da estaturik gabeko herrien errealitate soziala eta politikoa? Kataluniako gatazka politikoak irekiko al du abagunerik konstituzioaren aldeketa gauzatu eta herritarren borondateari bide egiteko Abenduaren 21eko Kataluniako hauteskundeak zein egoera politiko eta sozialetan egingo dira?", 

EH Bildutik dei egin diete gaiaz interesa duten herritarrei mahai ingurura bertara daitezen.