Azpeitiarrek parte hartzen duten hiru proiektu saritu dituzte Urkome Sarietan

Uztarria.eus 2017ko aza. 30a, 19:45
Gaur banatu dituzte Urkome Sariak, Azkoitiko udaletxean. (Ainitze Agirrezabala)

Aitziber Aizpururen 'Elikadura burujabetza' egitasmoa, Agurtzane Odriozola azkoitiarrak eta Xabier Izagirre eta Ioritz Aizpuru azpeitiarrek garatu duten 'Denda eredu berri bat', eta azpeitiarrez eta azkoitiarrez osatutako Hazi kooperatibaren proiektu bat saritu dituzte.

Gaur, San Andres Eguna, jakinarazi dituzte Urkome Sarien V. edizioko irabazleen izenak, Azkoitiko udaletxeko areto nagusian egindako sari banaketa ekitaldian. Sarituen artean dira azpeitiarrek parte hartzen duten hiru proiektu. Elikadura Burujabetza proiektuari esker, landa eremuko balio aniztasuna agerian jartzen duen ataleko saria eskuratu du Aitziber Aizpuruk. Agurtzane Odriozola azkoitiarrak eta Xabier Izagirre eta Ioritz Aizpuru azpeitiarrek taldean garatu duten Denda eredu berri bat proiektua ere saritua izan da. Hirugarrenik, landa eremuko azpeigitura eta zerbitzuak bermatzeko atalean, Ainara Agirregabiriak jaso du saria, azpeitiar eta azkoitiarrez osatutako Hazi kooperatibaren izenean. Atal bakoitzeko irabazleak 2.000 euroko saria jaso du.

Hona hemen proiektuen inguruko xehetasunak:

-Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartearen saria: Denda eredu berri bat. (Egileak: Agurtzane Odriozola, Xabier Izagirre eta Ioritz Aizpuru).Azpeitia zentro bezala hartuta, 150 kilometroren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik bilduko dituen gunea, heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari denda bilduko ditu proiektuak. Salmentaz haratago, kontzientziazio ekimen ezberdinak egingo dituzte proiektuaren barruan, produktuei balioa emanez eta lehen sektorea indartuz.

-Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu: Haziak lau haizetara zabaltzen. (Egilea: Ainara Agirregabiria) Pertsonaren zaintza ardatz hartuta eta bizi prozesuekiko errespetuzko begirada zabaltzeko asmoz, egitasmo integral zabala eskaintzea da asmoa. Hezkuntza eta haziera berrikuntzan oinarritzen den egitasmoa da. Zerbitzu nagusiak hezkuntza eta ostalaritzarekin lotuta daude. Hezkuntzari lotuta, eskola arautua, profesionalentzako formazioak, ikastaro eta tailer eskaintza eta udalekuak barnebiltzen ditu proiektuak; ostalaritza esparruan, berriz, aterpetxea, jetetxe eta taberna zerbitzuak. Komunitatean sortutako ekimena da, kideen grinez eta auzolanean.

-Landa eremuko balio aniztasuna agerian jarri: Elikadura burujabetza. (Egilea: Aitziber Aizpuru). Proiektuaren helburua da Euskal Herri osoko eta garaiko produktuekin elikadura orekatu, osasuntsu eta oso bat egingarria dela frogatzea. Sare sozialen bidez aurkeztuko eta zabalduko ditu jatordu desberdinak, eta bertako eta garaiko produktuak izango dira protagonista. Herritarrei elikadura heziketa egoki bat helaraztea da asmoa, azken ondorioa ongizatea izanik.