Trikitia egoerara moldatu eta indartu, aurrera egiteko

Uztarria.eus 2017ko aza. 30a, 19:17

Herenegun bukatu zen Trikigiro elkarteak antolatutako lehen hitzaldi zikloa. Lehen saioan Urola Erdiko trikitiak euskal kulturari egindako ekarpenaz aritu baziren, eta eskualdeko trikitilarien, txapelketen eta erromeria plazen gaineko datuez bigarrenean, zikloa amaitzeko Urola Erdiko trikitiaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko eta iritziak trukatzeko tartea hartu zuten joan den asteartean Sanagustinen Josu Arrizabalaga Izerrek, Xabier Etxanizek eta Huntza taldeko Josune Arakistainek.

Alex Arzelusek gidatutako solasaldian, trikitiaren egungo osasunetik abiatuta hori nola indartu eta etorkizunera begira nola jarri izan zuten hizpide Izerrek, Etxanizek eta Arakistainek. Unean uneko egoerara moldatzen asmatzearen garrantzia nabarmendu zuten hirurek, trikitiak bizi jarrai dezan.

"Trikiti munduari bultzada bat emateko bere inguruko egitasmoak sortzea eta bultzatzea ezinbestekoa" dela adierazi zuen Etxanizek. Izerrek, berriz, gazteek lekukoa hartzearen eta erreferenteak sortzen jarraitzearen garrantzia aipatu zuen: "Trikitixaren etorkizuna gure esku dago. Bai Aristerrazun eta bai herriko plazan. Gaur egungo gaztetxoen erreferente zaretenoi dagokizue pisu hori: Xabi Etxaniz, Julen Alonso, Josune [Arakistain]...".

Arakistainek, hain zuzen, trikitiak garaian garaikora moldatzea ezinbestekoa duela iritzi dio, "atzean geratzeko arriskua" uxatzeko: "Gizartea aldatzen doa etengabe eta trikitixak ere asmatu egin behar du XXI. mendean gertatzen ari diren aldaketa horierara egokitzen. Hala izan ezean, atzera geratzeko arriskua du".

Lehengo eta oraingo trikitia, betikoa eta modernoa dikotomia ere azaleratu zen solasaldian. Etxanizek argi utzi zuen ez dela etiketak jarri zalea: "Kontua ez da trikitixa modernoa eta tradizionala bereiztea. Egoera sozial berrietara moldatu eta trikitixa bere osotasunean ulertu beharko genuke, inolako etiketarik gabe". Sanagustinen elkartu ziren hiru protagonisten jardun ezberdinak horren erakusle izan daitezke Etxanizentzat. "Nahiz hiru trikitilariok trikitixa oso modu ezberdinean bizi eta ulertzen dugun, gustuko dugun horri eutsi eta trikitixari indarra eman behar diogu", esan zuen.

(Argazkiak: Trikigiro)