Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Udalak Gure Esku Dagori emandako diru laguntzaren aurkako helegitea jarri du

Uztarria.eus 2017ko aza. 30a, 15:23
Kriseiluen Gaueko irudia.

Urriaren 31n zuen udalak epaiketa, baina Estatuko Abokatuari ez zioten jakinarazi hitzordua, eta bertan behera gelditu zen auzi saioa. Udala hainbatetan jarri du jomugan Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Izan ere, aurreko agintalditik dator helegiteen eta epaiketen soka.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Javier de Andresek, helegite administratiboa jarri dio Azpeitiko Udalari, 2016an Gure Esku Dago elkartea diruz laguntzeagatik. Urriaren 31n zuen udalak epaiketa, baina Estatuko Abokatuari ez zioten jakinarazi hitzordua, eta bertan behera gelditu zen auzi saioa. Gaur-gaurkoz, epaiketaren data berriaren zain dago udala.

Azpeitiko Gure Esku Dagok hainbat ekintza antolatzeko jaso zuen iaz diru laguntza; 2.900 euro jaso zituen, besteak beste, Martxelo Otamendiren eta Vicent Partalen solasaldia eta Kriseiluen Gaua ekitaldia antolatzeko. Orain, baina, diru laguntza hori bertan behera utzi dute eta zenbateko hura bueltatzeko izapideak egiteko eskatzen dio De Andresek udalari. Gainera, 2016ko ekainaren 5ean egin zen herri galdeketaren bueltan udalari gutuna bidali zion Espainiako Gobernuaren ordezkariak, "erakundearen parte-hartzea legez kanpokoa" zela ohartarazteko.

Azpeitiko Udala hainbatetan jarri du jomugan Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Izan ere, aurreko agintalditik dator helegiteen eta epaiketen soka. Espainiako bandera udaletxean jartzea eskatzeko, presoen senideei emandako laguntzengatik, Olatz Izagirre babesteko mozioagatik, Kataluniako estelada balkoian jartzeagatik, aktak euskaraz bidaltzeagatik, Udalbiltza diruz laguntzeagatik, euskara sustatzeko emandako laguntzengatik eta Sorkuntza Beken bidez euskarazko lanak bultzatzeagatik helegiteak jarri zizkion Azpeitiko Udalari Urkijok.

Helegiteen gainean erreportajea argitaratu zuen Uztarriak 2014ko azaroko aldizkarian, Urkijoren lupa izenburuarekin.