Eromen produkzioaken 'Hysteria' lanak jaso du Antzerki Topaketetako Ikusleen saria

Uztarria.eus | Kultura | Artikulua
2017-11-30 09:38

Igandean bukatu ziren XXXV. Euskal Antzerki Topaketak. Zestoako Eromen produkzioaken Hysteria lanak jaso du Ikusleen saria, eta 600 euro jasoko ditu taldeak. Udalak topaketen balorazio "oso positiboa" egin du, "erantzun ona" jaso dutelako. Erakundearen arabera, 200-300 lagun izan da batez beste obra bakoitzean, eta hori "eskertu" egin du Josu Labaka Kultura batzordeburuak.

'Hysteria' antzezlaneko une bat. (Eider Iturriaga)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Lau asteko ibiliaren ostean, joan zen igandean bukatu ziren XXXV. Euskal Antzerki Topaketak, Maurizia dantza emanaldiarekin. Topaketak bukatuta, balorazioa egin du udalak, eta erakundeak jakinarazi duenez, Zestoako Eromen produkzioak taldearen Hysteria lanak jaso du Ikusleen saria. Taldeak 600 euroko diru saria jasoko du San Tomas egunean egingo den ekitaldian.

Udalak topaketen balorazio "oso positiboa" egin du, "erantzun ona" jaso dutelako. Erakundearen arabera, 200-300 lagun izan da batez beste obra bakoitzean, eta hori "eskertu" egin du Josu Labaka Kultura batzordeburuak. "Eskertzekoa da, beste behin, azpeitiarrek zein inguruko herrietako bizilagunek Euskal Antzerki Topaketei egin dieten harrera. Jende asko etorri da, antzerkizaletasuna bizi-bizirik dagoela erakusten du horrek, eta euskal antzerkiaren alde lanean jarraitzeko indarrak hartuta segituko dugu".

Aurtengo topaketetan, guztira, 22 antzezlan ikusi ahal izan dira Azpeitian, hala nola haurrei, gazteei eta helduei zuzendutakoak. Aurreko urteetako gisan, eskola antzerkiak ere izan du bere tokia aurtengo edizioan ere; izan ere, Euskal Herriko hainbat txokotako ikastetxeetako ikasleek zortzi emanaldi egin dituzte. Labakak esan duenez, horien guztien lana "txalotzekoa" da. Bestalde, Corrado Masacciren Zirkoa eta txotxongiloak emanaldiaz eta bisita gidatuaz ere balorazio "oso positiboa" egin du udalak, ikastetxeetako ordezkariek ere hala baloratu baitute. "Ezinbestekoa da guretzat Antzerki Topaketen barruan transmisioa lantzea, zaletasuna sortzea eta haurrak nahiz gaztetxoak antzerkiaren mundura gerturatzea", azaldu du Ainara Larrañaga Kultura zinegotziak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa