Sari banaketa eginda, hurrengo urtera arte agurtu dute herriko xakelariek Gipuzkoako Xake Txapelketa

Uztarria.eus | Kirolak | Argazki galeria
2017-11-29 13:11

Zazpi astez jokatu da Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketa, Azpeitiko Xake Taldeak Baigerako laugarren solairuan duen egoitzan. Aurten aurrenekoz jokatu dute txapelketa herrian, eta horregatik, xake taldeak eskerrak eman dizkio Udalari, "ezinbesteko laguntza" eman diolako. Horrez gain, Gipuzkoako Federazioaren, Elgoibar Xake Taldearen eta Anaitasuna Kakute Azkoitiko xake elkartearen babesa nabarmendu dute.

Joan den asteburuan jokatu zuten azken jardunaldia, eta emaitza gazi-gozoekin bukatu zuten txapelketa Azpeitiko xakelariek. Aitor Priyak bere partida galdu zuen Absolutu Mailan, eta saririk gabe geratu zen. Hirugarren mailan, Aitor Elustondok, Juan Carlos Fernandezek, Julen Urangak eta Luis Andoni Lazkanok beren partidak irabazi zituzten eta Alain Mateosek tablas (berdinketa) lortu zuen. Osama Maraguik, Aner Alonsok, Gorka Urangak eta Markel Zubimendik, berriz, ezin izan zituzten partidak irabazi. Aitor Elustondok eta Juan Carlos Fernandezek beren partidak irabazi zituzten arren, beste jokalarien emaitzek ez zieten lagundu, eta lehenengo postuetatik kanpo gelditu ziren.

Azken jardunaldia amaituta, sari banaketa egin zuten. Iñaki Uranga xake taldeko kidea eta Agustin Lizarralde zinegozia arduratu ziren, besteak beste, aurreneko sailkatuei saria emateaz.

Aurtengo txapelketan, mailaz igotzea lortu du Patxi Isasmendi Azpeitiko Xake Taldeko kideak, eta Absolutu Mailan ariko da aurrerantzean. Gipuzkoako Xake Txapelketako araudiak dioenez, maila batean 15 jokalari edo gutxiago izanez gero, maila horretan bost jardunaldi izango ditu sariketak, eta hori gertatu da txapelketako bigarren mailan. Modu horretan, bosgarren kanporaketaren ostean aurreneko hiru sailkatuak mailaz igo ziren, eta hiru horien artean sailkatu zen Isasmendi. 

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa