Denon Artean prozesuaren barruan, Urrestillan eta Nuarben bilerak egingo ditu udalak

Uztarria.eus 2017ko aza. 29a, 14:14
Auzoetako eta udaleko ordezkariak bileran. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udala hasi da 2018rako aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesuarekin. Auzoetako ordezkariekin bilera eginda erabaki dute Urrestillan eta Nuarben bilera bana egitea, Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorriaren proiektuaz eta Nuarbeko etxe batzuetako ur zikinen arazoaz hitz egiteko. Herritarrek aste honen bukaera bitartean egin ditzakete aurrekontuetarako proposamenak.

2018ko aurrekontuak osatzeko prozesua hasi du Azpeitiko Udalak, eta Nuarbeko, Urrestillako, Aratzerrekako, Lasaoko, Elosiagako eta Loiolako ordezkariekin elkartu dira jada Josu Labaka eta Aitor Bereziartua zinegotziak. Azken urteotan hainbat arazo izan dute auzo batean eta bestean, eta horiez hitz egin zuten bilkuran.

Denon Artean prozesuaren barruan auzoetan bilerak egin izan ditu udalak, baina aurten, aurrena, auzoetako ordezkariekin bildu dira. Batzar hartan azaleratu zituzten kezkak eta arazoak kontuan hartuta, bilerak Urrestillan eta Nuarben egingo dituzte udal ordezkariek.

Hain zuzen ere, abenduaren 11n egingo du bilera Urrestillan, 19:00etan, jubilatuen lokalean. Bidegorriaren proiektua azalduko dute, baina auzotarrek bestelako gaiez hitz egin ahal izango dute bileraren bukaeran. Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorria egiteko diru partidaren zatia sartu du 2018ko aurrekontuetan, eta laster hasiko da udala lanak egiten.
 
Bestalde, Nuarbeko auzotarrei tarteka ur zikina iristen zaie, eta arazo horri irtenbidea emateko saiakera egingo dutela jakinarazi dute udalak eta Gipuzkoako Urakek. Proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte abenduaren 14an, 19:00etan, Sokatira elkartean egingo duten bileran.
 
Udalak azaldu duenez, aste honen bukaerara bitartean izango dute herritarrek 2018ko aurrekontuetarako ekarpenak egiteko aukera. Herriko hainbat txokotan jarri dituzten postontzietan egin ditzakete herritarrek ekarpenak.