Zabalik da Arkupehotsak proiektuko bigarren deialdia

Uztarria.eus 2017ko aza. 29a, 13:01
Arkupehotsaken aurkezpeneko irudia.

Otsailetik ekainera arteko zuzenekoak antolatzeko hamar talde aukeratuko dituzte. Gaurtik abenduaren 27ra bitartean eman daiteke izena Kulturazen webgunean. Lehen deialdian 23 taldek eman zuten izena, eta hamar taldek aukeratu zituzten. Dagoeneko sei taldek eman dute zuzenekoa Sanagustin Kulturguneko arkupean.

Ekainean aurkeztu zuen Azpeitiko Kulturaz kooperatibak Arkupehotsak, herriko, eskualdeko eta Euskal Herriko musikari eta musika proiektu berriei plaza bat eskaintzeko helburu nagusia duen egitasmoa. Aurkeztearekin batera ireki zuten lehen deialdia, interesa zuten talde edota bakarlariei zuzenduta, eta orduztik hainbat taldek eskaini dituzte kontzertuak Sanagustin kulturgunean.

Lehen deialdi hartan 23 taldek eman zuten izena, eta hamar aukeratu zituzten Kulturazeko kideek zuzenekoak eskaintzeko. Hamar talde horietatik seik eman dituzte kontzertuak dagoeneko. Kulturazek azaldu duenez, talde horiek "txukun" aritu dira beren proiektuak aurkezten.

Bigarren deialdia zabaldu dute gaur, asteazkena. Otsailetik ekainera arteko zuzenekoak antolatzeko beste hamar talde aukeratuko dituzte. Gaurtik abenduaren 27ra egin eman beharko dute izena Arkupehotsaken www.kulturaz.eus webgunearen bidez. Kulturazek Arkupehotsak proiektuan bidelagun ditu Badok, Musikazuzenean, Kultura Live eta Gaztea Irratia.

Nahi horri forma emanez eta Sanagustin kulturgunean espresuki horretarako oholtza-formatu berri bat egokituz Arkupea proiektua abiatu zuten 2015ean. Musikan nahiz arte eszenikoetan aritzen diren "sortzaile berrien plaza eta babesa" izan nahi du Kulturazen arkuaren aterpeak. "Arkupehotsak sormenaren erakusleiho berria da, musikaren alorra bere zentzurik eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina, programazioaz gain, sentsibilizazioa, sormen prozesua eta parte hartzea kontuan dituena".