San Eloi jaiak ospatuko dituzte ostiralean hasita Landetan

Uztarria.eus 2017ko aza. 28a, 18:12
Iazko saneloietako irudia.

Ostegunean Mus Txapelketarekin hasiko dituzte festak, eta igandera bitartean hainbat ekitaldi izango dira. Besteak beste, auzo bazkaria, txerri boda, erromeria, ganadu feria, herri kirol erakustaldia, azoka eta autoen erakusketa izango dira.

Ostegunean hasiko dira Landeta auzoko San Eloi jaiak, IX. Mus Txapelketa azkarrarekin. Mendizabal erretegian jokatuko dute lehia 21:30ean hasita, eta 20:30etik aurrera eman ahal izango da izena. Ostiralean, San Eloy egunez, auzo bazkaria egingo dute Mendizabal erretegian, bertsolariekin eta soinu-jotzaileekin. Ondoren, kalejira egingo dute. 21:00etan, berriz, txerri boda egingo dute Landeta jatetxean, eta 23:00etan erromeria izango da Obaneuke taldearekin. Ordu horretan zabalduko dute festetarako jarriko duten txosna.

Festek zapatuan eta igandean segituko dute. Izan ere, larunbat goizean, 09:30ean, mendi bizikleta irteera egingo dute Erreka Bike dendaren paretik aterata. Gainera, goiz osoan ganadu feria izango da, eta 12:00etan herri kirol erakustaldiaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. 12:00etan harrijasotzaileekin hasiko da kirol festa: Martin Mendizabal, Elias Perez, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Xabier Aranburu Guzta ariko dira. Ondoren, aizkora apustua egingo dute Joseba Otaegik eta Julen Alberdi Txikia IV.ak Eneko Otañoren eta Mikel Larrañagaren kontra. 8 oinbiko ebaki beharko dituzte txanda librean. Arratsaldean, berriz, autoen eta kart-en erakusketa izango da.

Igandean bukatuko dira saneloiak, baina izango da ekitaldirik egun osoan zehar. Hain zuzen ere, goizean azoka eta sagardo dastaketa egingo dituzte auzoan. Gainera, txorizo eta hirugiar pintxoak dastatu ahal izango dira. 12:30ean, berriz, zezen txikiak eta poniak izango dira.