Goenaga ahizpek ezin izan dute "beraien maila erakutsi" Espainiako Absolutuen Neguko Txapelketan

Uztarria.eus 2017ko aza. 28a, 14:35

Espainiako txapelketan parte hartu izana "aurreko denboraldian lana ondo egitearen saria" dela azpimarratu du Izarraitz Igeri Elkarteak.

Oihana eta Maitane Goenaga ahizpek LXI. Espainiako Absolutuen Neguko Txapelketa jokatu zuten joan zen astean Bartzelonan, eta Izarraitz Igeri Elkarteak adierazi duenez "ez dira oso gustura itzuli etxera", "ezin izan dutelako beraien maila erakutsi". Dena den, elkarteak gogoratu du, denboraldi hasiera dela eta beste helburu batzuk ere badituztela bi ahizpek, eta, beraz, "normaltzat" jo ditu izan dituzten emaitzak. Gainera, Espainiako txapelketan parte hartu izana "aurreko denboraldian lana ondo egitearen saria" dela azpimarratu du elkarteak.

513 igerilarik hartu dute parte Bartzelonako Nova de l´ Escullera igerilekuan jokatu duten txapelketan, eta hainbat probetan lehiatu dira bi ahizpak. Bartzelonatik itzulita, eguneroko entrenamenduei ekin diete berriro, hurrengo lehiaketak prestatzeko.