Urola Erdiko trikitiaren orainaz eta geroaz arituko dira Izer, Etxaniz eta Arakistain trikitilariak, gaur

Uztarria.eus 2017ko aza. 28a, 13:24

Trikigiro elkarteak antolatutako hitzaldi zikloaren azken saioa izango da 19:00etan, Sanagustinen, 'Urola Erdiko trikitixaren lorratza gaur egungo trikitilariengan' izenpean. "Punta-puntako" hiru trikitilariek beraien esperientziak azalduko dituzte.

Trikigiro kultur elkarteak lehenengo aldiz antolatutako hitzaldi zikloaren azken saioa izango da gaur, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Urola Erdiko trikitixaren lorratza gaur egungo trikitilariengan izenpean, Josu Arrizabalaga Izer, Xabier Etxaniz eta Huntza Taldeko Josune Arakistain trikitilariek Alex Arzelusen galderei erantzungo dizkiete. Antolatzaileek adierazi dutenez, esparru desberdinetan aritzen diren "punta-puntako" trikitilariak dira hiru gonbidatuak, eta bakoitzak bere esperientzia azalduko du hitzaldian. Era berean, Urola Erdian "erreferente" izan diren trikitilariek haiengan zer arrasto utzi duten kontatuko dute, eta bailarako trikitilaritzaren orainaz eta geroaz arituko dira.

Hilaren 14an hasi zen Urola Erdiko trikitiaren historian oinarritutako hitzaldi zikloa, eta ordutik bi saio egin dituzte. Antolatzaileen arabera, "erantzun oso ona" izan dute hitzaldiak, eta dagoeneko hainbat ondorio atera dute. Besteak beste, bailarako trikitiak Euskal Herriko kulturgintzari "berebiziko ekarpena" egin diola uste dute. Era berean, Urola Erdiko trikiti mugimendua herrian errotuta eta saretuta egon dela uste dute. Bailaran "dantzarako zaletasun handia" egon dela ere ondorioztatu dute, eta horren adibide da erromeriak egiteko 40 leku baino gehiago egon izan direla. Euskal Herriko trikiti txapeldunen erdia baino gehiago Urola Erdikoak izan direla jakinarazi dute, eta trikitilarien datu base bat ere hasi dira egiten. Adierazi dutenez, dagoeneko bailarako 200 trikitilari baino gehiago dokumentatu dituzte.