Hitzaren bitartez, ahalduntzen

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2017-11-28 14:20

Martxan da Hitz-ahalduntzen programa pilotua. Hitzaren bidez emakumeen ahalduntzea, integrazioa eta alfabetatzea xede duen proiektu pilotua da, Foru Aldundiak eta Udalak egindako hitzarmenetik abiatu dena. Herrian bizi diren 28 emakume etorkin egitasmoan murgilduta daude jada.

Azpeitian bizi diren 28 emakume etorkin ari dira parte hartzen Hitz-ahalduntzen programan Emakumeen Txokoan jasotzen dituzte eskolak. (Maialen Etxaniz)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Hitzaren bidez, emakume etorkinen ahalduntzea, integrazioa eta alfabetatzea lantzen duen proiektu pilotua da Hitz-ahalduntzen. Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun Sailak egindako lankidetza hitzarmenetik abiatu da egitasmoa, eta dagoeneko fase pilotuan murgilduta dabiltza Azpeitian bizi diren 28 emakume etorkin. Horiek, Nerea del Campok gidatutako ekintza desberdinak egiten dituzte Emakumeen Txokoan. Esaterako, astelehenetan, irakurtzen eta idazten ikasten dute, eta astearteetan genero ikuspegiarekin sortutako hezkuntza materiala lantzen dute. Eduki horiek guztiak del Campok sortutakoak dira. Azpeitiko txoko ezberdinak ezagutzera ere joan dira, eta proiektuan parte hartzen ari diren emakumeak "oso gustura" daude eskolekin. Irakasleaz galdetuta, "oso irakasle ona" dela diote denek, aho batez. 

Mujeres al Cuadrado elkartekoaren sortzailea da Nerea del Campo. Kolektibo horren helburua da, indarkeria fisiko eta psikologikoa jasan duten emakumeei laguntzea, behar dituzten baliabideak eskainita. Horretarako, denetariko materiala sortu du Mujeres al Cuadrado elkartearen sortzaileak, eta azken urteetan Eibarko emakumeekin landu ostean, Azpeitira ekarri du orain, Udalaren eta Foru Aldundiaren hitzarmenaren bitartez. 

Gaur, asteartea, Hitz-ahalduntzen proiektuan egiten dutena gertutik ezagutzen izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Edurne Aranbarri Parekidetasun tekniraria, Udaleko zinegotzi Estitxu Elduaien eta Agustin Lizarralde, eta Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria den Miren Elgarresta. Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak adierazi du, Mujeres al Cuadrado elkarteak egindako lana ezagutu ostean sortu zela proiektu pilotua abiatzeko ideia. 'Enpalabramiento' hitzetik abiatutako lanketa osatu zuen del Campok. "Hark egindako lana ezagutu ostean, proiektu pilotu hau martxan jartzeko lanean hasi ginen. Egindako edukiak landu genituen eta saioak antolatzeari ekin genion", adierazi du Elgarrestak. Era berean, azpimarratu du "hitza, hizkuntza ezagutzea baino gehiago" dela: "Hitza tresna bihur daiteke. Hitzaren bueltan posible da emakumeak ahalduntzea. Alde batetik, hitza indarkeriari aurre egiteko tresna bezala erabilita, eta, bestetik, hitza bizikidetzarako tresna modura erabilita", azaldu du Elgarrestak.

Proiektuan parte hartzen ari diren Azpeitiko bizilagunen esperientziak jaso ostean, beste hainbat herritara eraman nahi dute Hitz-ahalduntzen.

Zubi lanerako tresna

Eneko Etxeberriak esan du aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, emakumeen ahalduntzearekin batera "beste hainbat zubi" ere eraikiko direla:"Helburua da emakume etorkinak ahalduntzea, hizkuntza tresna gisa hartuta ahalduntzea, eta azpeitiarron egunerokoan integratzeko zubi lana egitea".

Bestalde, Etxeberriak keinu egin dio joan den aroaren 25ean izan zen Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunari, eta esan du "salaketa eguna" izan zela beste behin. "Erakundeoi, indarkeria kasuak salatzeaz gain, gizon-emakumeen berdintasuna errealitate izateko baliabideak, programak eta proiektuak lantzea eta sustatzea tokatzen zaigu" azaldu du Azpeitiko alkateak. Horren harira, Emakumeen Txokoari egin dio erreferentzia: "Emakume Txokoa duela 6 urte inguru sortu genuen. Besteak beste, emakumeen ahalduntzerako azpiegitura izatea du helburu". Etxeberriak azaldu du, urte horietan guztietan egindako ekintzei "forma" emango diola Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenak.  

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa