Goienetxe Fundazioko kideek gabonetako apaingarriak egin dituzte Bertaneko merkatarientzat

Uztarria.eus 2017ko aza. 28a, 11:30

Azpeitiko Goienetxe Fundazioko dozenatik gora lagunek gabonetako apaingarriak egin dituzte, Bertan Merkatari Elkarteko dendarientzat. Aurtengoan, pinuak egin dituzte, kafe kapsulak eta komuneko paperaren kartoiak erabilita. Bertanen, guztira, 111 merkatari daude, eta kopuru horretara iristeko, Goienetxeko hamasei egoiliar aritu dira eskulanak egiten, urtean zehar. Gabonetako apaingarri horiek egin ahal izateko, komuneko paperaren kartoiak jasotzeaz arduratu dira igerilekuan, Iraurgi ikastetxean, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta anbulatorioko errehabilitazio gunean. Adats ile-apaindegia, Ukabi informatika denda eta Prest tindategia, berriz, kafe kapsulak jasotzeaz arduratu dira, urte osoan. Zentzu horretan, horiei guztiei, Azpeitiko Udalari eta ekarpenak egin dituzten familiei eta norbanakoei eskerrak eman dizkie Goienetxe Fundazioak. Datorren astean hasiko dira dendaz denda apaingarriak banatzen, eta komuneko paperaren kartoiak jasotzeaz arduratu direnei ere pinu bana emango diete. Goienetxe Fundazioko kideek lehen aldiz 2014ko gabonetarako egin zituzten apaingarriak, eta geroztik, hutsik egin gabe, urtero egin dituzte.