Raul Perezek irabazi du Azpeitiko XI. Slalom lehiaketa

Uztarria.eus 2017ko aza. 26a, 16:09

Lagun-Artea karrozeriak antolatuta, Azpeitiko XI. Slalom lehiaketa jokatu dute gaur, igandea, Landeta auzoko Antzibarrena industriagunean. Slalomaren atarian, antolatzaileen iragarpenen arabera, Raul Perez zen gaurko faboritoa, eta hain zuzen ere, bizkaitarra izan da azkarrena gaurko proban. Iñigo Olabegogeaskoetxea zegoen Euskadiko Slalom Txapelketako sailkapeneko aurreneko postuan, baina Perezek gaur Azpeitian lortutako emaitzarekin, Euskadiko Txapelketa ere berak irabazi du. Bigarren sailkatu da Gorka Olaizola zarauztarra, eta hirugarren egin du Albizturko Eneko Labakak. Azken hori junior mailan azkarrena izan da. Iñaki Alberdi azpeitiar gidariak, berriz, laugarren egin du sailkapen orokorrean, baina 3. mailan azkarrena izan da. Emakumeen mailan, ostera, hiru gidarik parte hartu dute Azpeitiko XI. Slalom proban: Tania del Hierrok, Naira Villegasek eta Leire Gonzalezek, eta azken hori izan da hiruretan azkarrena. 

 Guztira, 41 gidarik parte hartu dute aurtengo slalom proban, eta 09:00etan elkartu dira partaideak Landetan, ibilbidea ikusteko eta autoen probak egiteko. Lehiaketa, berriz, 10:00etan hasi da, eta 13:30ak arte luzatu da. Guztira bi, hiru eta lau mailak jokatu dituzte, eta, gero, junior mailako gidariak aritu dira eta baita emakumeak ere. 2. mailan azkarrena Andu Cornel izan da. Zenbait unetan euria gogoz eginagatik, antolatzaileek adierazi dute "jende asko" gerturatu dela Landetara proba ikustera.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, automobilismoaren hastapeneko modalitate horretan aritzen diren piloturik onenek hartu dute parte gaurko proban. Raul Perez irabazlea Speed Car Extrema autoarekin atera da. Turismoen modalitatean hiru gidari ariko dira: Andu Cornel Ducu (Citroën Saxo), Jose Antonio Insausti (Opel Kadett) eta Thalys Xavier de Brito (VW Golf).

Etxeko pilotuek ere erakutsi dituzte beren abileziak gaurkoan. Bertan izan dira, besteak beste, Iñaki Alberdi (Escort MK-II), Iokin Agirre eta Gurutz Agirretxe (BMW M3) eta Alberto Marcos (325i). Rallyetan ohikoak diren lau gidari horiez gain, slalom txapelketetan aritzen direnak ere hurbildu dira gaur Landetara. Horietako gehienek, BMW autoekin parte hartu dute. Antolatzaileek nabarmendu dituzten pilotuen artean izan dira gaur Azpeitian jokatu den slalomean, besteak beste, Jagoba Otaegi, Aritz Aznar, Eneko eta Daniel Correia anaiak eta Lander Urkijo.

Hona hemen gaurko slalomeko hainbat irudi: (Argazkiak: Gorka eta Ion del Cid)