Enekoitz Esnaolak 'Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna' liburua aurkeztuko du abenduaren 4an, Baionan

Uztarria.eus 2017ko aza. 26a, 14:10
Enekoitz Esnaola. (Mondragon.edu)

Azpeitiar kazetariak Aieteko bake konferentziatik ETAren desarmatze egunera arteko kontakizuna egin du Aleka bildumarako idatzitako liburuan. Bide horretan izandako saioen hainbat kide elkarrizketatu du Esnaolak. Liburu aurrerapena (liburua salgai)

Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetariak (Azpeitia, 1970) Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua aurkeztuko du abenduaren 4an, Baionan (18:30, Euskal Museoa). Azpeitiarrak Aieteko bake konferentziatik ETAren Baionako desarmatze egunera arteko kontakizuna egin du Aleka bildumarako idatzitako liburuan –Berria, Jakin fundazioa, Elkar–.
 
Bide horretan guztian lekuko izan diren eta parte hartu duten hainbat kide elkarrizketatu du Esnaolak, hala nola Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai, Beatrice Molle eta Michel Tubiana bakegileak. Horiekin ez ezik, PSko Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux, LRko Max Brisson, EH Baiko Jakes Bortairu, EAJko Andoni Ortuzar eta Sortuko Rufi Etxeberriarekin ere aritu da solasean. Gainera, Ram Manikkalingam NEBeko presidentea, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusia eta David Pla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea ere elkarrizketatu ditu liburua osatzeko.
 
Abenduaren 6an Durangoko Azokan aurkeztuko du liburua, 17:00etan.
 
Azpeitiar kazetariak beste bi liburu ditu eginak: Joxe Takolo biografia eta, Jose Luis Aizpururekin batera, Lagun Onak Mendi Bazkuna. 50. urteurrenaHalaber, Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentala egina dago.
 
Kazetaritzan lizentziaduna da, EHUn. Berria-ko Politika saileko kazetaria da gaur egun. Aurretik, Egunkaria-n eta Hitza proiektuan aritua. 25 urtean dabil euskal prentsan. Azpeitian herrigintzan ere ibilia da, Uztarria Kultur Koordinakundeko eta Kultur Mahaiko talde eragileetako kidea izan baita urtetan.