Astelehenetik abenduaren 18ra bitartean, ibilgailuentzat itxita egongo da Artzubiko biribilgunearen eta Artetxe eraikinaren arteko bidea. Zama lan eta bizilagunen sarrera-irteera jakinetan, Bustinzuriko Errebaletik bideratuko dute trafikoa, semaforo bidez.
Alberdieneako etxeak eraikitzeko lanak duela aste batzuk hasi zituzten, eta lan horiek direla-ta moztuko dute bidea, udalaren arabera, ibilgailuen eta oinezkoen "segurtasuna bermatzeko". Udalak jakinarazi duenez, abenduaren 18an zabalduko dute berriz ere bidea. Matxinada kaletik Artzubira doan errepidea, berriz, zabalik izango da autoentzat.
Lanak bukatzean, Alberdieneako garajeen lehen solairuan aparkaleku publikoa izango da; izan ere, udalak eta eraikuntza enpresa hitzarmena sinatu dute, eta 51 autorentzat tokia izango da.