Igandean jokatuko da Azpeitiko XI. Slaloma

Uztarria.eus 2017ko aza. 24a, 18:32
IƱaki Alberdi pilotu azpeitiarra. (Lagun Artea eskuderia)

Landeta auzoko industriagunean jokatu da proba, 10:00etan hasita. Guztira, 41 gidarik eman dute izena igandeko hitzordurako.

Lagun-Artea karrozeriak antolatuta, igandean jokatuko da Azpeitiko XI. Slalom lehiaketa. Landeta auzoko Antzibarrena industriagunean jokatuko da proba. 09:00etan elkartuko dira partaideak Landetan, ibilbidea ikusteko eta autoen probak egiteko. Lehiaketa, berriz, 10:00etan hasiko da. Guztira, 41 gidarik eman dute izena aurtengo slalom proban parte hartzeko. 

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, igandean parte hartuko dute automobilismoaren hastapeneko modalitate horretan aritzen diren piloturik onenek. Raul Perez da faboritoetako bat, Speed Car Extremarekin autoarekin. Horrez gain, proba irabazteko aukerak ditu Gorka Olaizolak (Demon Car), baita Eneko Labakak eta Mikel Lasartek ere, biek Nitokar EVO II autoak izango dituzte lagun. Turismoen modalitatean hiru gidari ariko dira: Andu Cornel Ducu (Citroën Saxo), Jose Antonio Insausti (Opel Kadett) eta Thalys Xavier de Brito (VW Golf).

Etxeko pilotuek ere erakutsiko dituzte beren abileziak igandean. Bertan izango dira, besteak beste, Iñaki Alberdi (Escort MK-II), Iokin Agirre eta Gurutz Agirretxe (BMW M3) eta Alberto Marcos (325i). Rallyetan ohikoak diren lau gidari horiez gain, salalom txapelketetan aritzen direnak hurbilduko dira igandean Landetara. Horietako gehienek, BMW autoekin parte hartuko dute. Iñigo Olabegogeaskoetxea dago sailkapeneko aurreneko postuan, baina oso gertu du Raul Perez. Antolatzaileek nabarmendu dituzten pilotuen artean daude, besteak beste, Jagoba Otaegi, Aritz Aznar, Eneko eta Daniel Correia anaiak eta Lander Urkijo. Hiru emakumek ere parte hartuko dute Azpeitiko XI. Slalom proban: Tania del Hierro, Leire Gonzalez eta Naira Villegas.