Udalaren adierazpen instituzionala Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2017-11-24 16:11

Azaroko udalbatzarrean Azpeitiko Udaleko bi indar politikoek aho batez onartutako adierazpen instituzionala da honako hau. 

"Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Azpeitiko Udalak, emakumeak indarkeria matxistatik aske biziko diren udalerria eraikitzeko konpromiso politikoan sakondu nahi du.

Herritarren bizitza kolektiboa kudeatzeko ardura duen erakunde orok bere agenda politikoaren eta jardun instituzionalaren lehentasun gisa izan behar du indarkeria matxistarik gabeko udalerria eta lurraldeak eraikitzea, emakumeek euren burua aske sentituko duten lekua, alegia.

Azken urteotan bizi dugun krisi sistemikoak, emakumeen bizitzan zuzeneko eragina izan du. Horrela, aurten ere, Hego Euskal Herrian indarkeria matxistaren datuek gorantz jarraitzen dute, 2015ko datuekin alderatuta,  %18,2 egin dute gora 2016 urtean. Datu horiei gehitu behar zaizkie seme alaben erailketak eta baita legeen kontzeptuetatik kanpo kokatzen dituzten sexu eraso ugari ere.

Feminismoak erakutsi digu errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela emakumeenganako indarkeria, eta horregatik aipatzen dugu, aipatu eta salatu! Gure agenda politikoan sartu dugu gaia,  indarkeria matxistak asko kezkatzen gaituelako bere adierazpen guztietan.

Indarkeria matxista kontzeptua erabiltzen dugu, eta erabiltzen jarraitzen dugu, kontzeptu horrek barnebiltzen dituelako, emakumeek emakume izateagatik pairatzen duten indarkeria eta baita genero arauak ez betetzeagatik edonork pairatzen duen indarkeria homofoboa, transfoboa...

Indarkeria matxista, ordea, gizarte egituraren ondorio dela badakigu, eta beraz, gizarte egitura hauek eraldatzen jarraituko dugu, soilik horrela desagerraraziko dugulako indarkeria matxista.

Eta zeregin hori,konpromisotzat dugun hori, gizartea osatzen dugun eragile guztiok egin behar dugu, bestela, indarkeria matxistari eusten jarraituko genuke. Denon erantzukizuna delako bakoitzaren eragin-eremutik aurre egitea indarkeria matxistarekin amaitzeko: erakunde publikoak, eragile sozialak, sindikalak, komunikabideak, lan-arloko eragileak... baita herritar guztiak ere. 

Indarkeria matxistarekin amaitzeko, estrategia ezberdinak bultzatu eta babestu behar ditugula uste dugu eta horrelaxe egiten jarraituko dugu Azpeitian, guztiak baitira beharrezkoak eta osagarriak: autodefentsa feminista, Beldur Barik kanpaina, festetako protokoloa, erakunde arteko protokoloa, hezkidetza programa, Emakumeen Txokoa, mugimendu feministaren ekimenak...

Horregatik guztiagatik Azpeitiko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

1. Azpeitiko Udalak, 2018ko aurrekontuak definitzeko unean, berdintasun-unitateei beharrezko baliabide tekniko eta ekonomikoak emango dizkie, eta unitate horiek egonkortu eta indartzeko konpromisoa hartzen du.

2. Azpeitiko Udalak prebentzioak duen garrantziaz jabeturik, hezkuntza komunitatearekin elkarlanean hezkidetza programa indartzeko beharrezkoak diren baliabideak eskainiko ditu. Baita Beldur Barik kanpaina lantzeko ere.

3. Azpeitiko Udalak hezkuntzako eragileei zuzeneko deia egiten die curriculum-lerroetan genero berdintasuna sar dezaten.

4. Azpeitiko Udalak Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontuen partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak sendotzeko, epaitegietako genero-unitateak indartzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.

5.- Azpeitiko Udalak bat egiten du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta azpeitiar guztiei dei egiten die mobilizazio horietan parte har dezaten. Mobilizazio nagusia, bihar, azaroaren 25ean, egingo da, 13:00etan, plazan. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa