Luntx begetarianoa eta 'Bihotz salataria', Antzerki zikloaren bigarren egunerako

Uztarria.eus 2017ko aza. 24a, 14:43

Gaur, ostirala, jarraituko dute Gaztetxeak Euskal Antzerki Topaketen barruan antolatutako VII. Antzerki Alternatiboaren Zikloarekin. Atzo, Huts Teatroaren Hozkailua obra izan zen ikusgai, 21:30ean hasita. Ehundik gora lagun hurbildu zen Gaztetxera, Ander Lipusek eta Patricia Urrutiak antzezten duten lana ikustera. Lekua hotza izanagatik ere, giro goxotzea lortu zuten antolatzaileek eta aktoreek. Antzezlanaren aurretik, Gaztetxeko sukaldariek prestatutako luntx begetarianoa dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Estreinakoz igo ziren Azpeitiko Gaztetxeko oholtzara Lipus eta Urrutia, eta "oso gustura" egon zirela adierazi zuten obra amaitzean. Gainera, Gaztetxeko sukaldariek prestatutako afari "mundiala" azpimarratu zuten. 

Zikloaren bigarren hitzordua gaur, ostirala, izango da. Atzo bezala, 20:00etan irekiko dituzte Gaztetxeko ateak, eta luntx bejetarianoa eskainiko dute bertaratzen diren herritarrentzat. Ondoren, 21:30ean, Atx Teatroak Bihotz salataria antzezlana eskainiko du. Edgar Alan Poeren obra da Bihotz salataria, eta Iñaki Ziarrustak itzuli du euskarara. Ziarrusta bera arduratuko da antzezlana taularatzeaz. Istorio beltza kontatzen du Alan Poeren lanak, eta hilekta batean oinarritzen da. Protagonistak agure bat akabatzen du, zatitu eta bere gorpuzkiak ezkutatuko ditu. Hori da antzezlanaren abiapuntua. 

Igandean bukatuko dira aurtengo XXXV. Euskal Antzerki Topaketak, eta emanaldi berezi bat eskainiko du Aukeran dantza konpainiak. Maurizia ikuskizuna Soreasu antzokian oholtzaratuko dute, 18:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Azpeitiko Udalaren webgunean, bost euroren trukean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, Soreasu antzokiko leihatilan.