Hiru herritar, Miren Amurizaren 'Ezpainetakoa' testuan oinarritutako film laburrean

Uztarria.eus 2017ko aza. 24a, 12:54

Berria egunkariak uztailean argitaratu zuen Miren Amurizaren Ezpainetakoa zutabea bideo batera eraman dute Lauga produkzioek. Lan taldean hiru azpeitiar daude: Nora Alberdi zuzendaria –Uztarriako kolaboratzailea– eta Mireia Galarza eta Nahikari Nuñez aktoreak. Gainontzeko kideak bizkaitarrak dira: Leire Lasa, Rakel Aldekoa eta Oihana Badiola. Amurizaren testua irudiz lagundu dute, idazlearen beraren ahotsa off-ean dela, eta Beldur Barik lehiaketara aurkeztu dute lana.

Filmaren protagonista ezpainak margotzea atsegin duen neska gazte bat da. Edozein une baliatzen du ezpainak gorriz koloreztatzeko. Egun batean, ordea, zer pentsatua emango dio protagonistaren hurbileko haur baten galderak.