Azken txanpara iritsi dira XXXV. Euskal Antzerki Topaketak

Uztarria.eus 2017ko aza. 23a, 10:58

Gaur eta bihar, Antzerki Alternatiboaren VI. zikloaren barruan, bi emanaldi eskainiko dituzte Gaztetxean. Igandean bukatuko dira aurtengo Euskal Antzerki Topaketak, eta emanaldi berezi bat eskainiko du Aukeran danrza konpainiak.

Hiru asteko ibiliaren ostean, XXXV. Euskal Antzerki Topaketak iritsi dira azken txanpara. Askotariko obrak ikusi ahal izan dira, askotariko herritarrei zuzendutakoak, eta topaketen azken egunotan ere izango da zer ikusi eta zer goza Azpeitian.

Gaur eta bihar, Antzerki Alternatiboaren VI. zikloaren barruan, bi emanaldi eskainiko dituzte Gaztetxean. Gaur, esaterako, Hozkailua obra ikusi ahal izango da Huts teatroaren eskutik. 21:30ean hasiko da antzezlana, baina, aurretik, 20:00etan, luntx begetarianoa izango da. Bihar, berriz, Bihotz salataria lana eskainiko dute Atx Teatroakoek, Gaztetxean bertan, 21:30ean. Bihar ere luntx begetarianoaz gozatu ahal izango da.

Igandean bukatuko dira aurtengo Euskal Antzerki Topaketak, eta emanaldi berezi bat eskainiko du Aukeran dantza konpainiak. Maurizia ikuskizuna Soreasu antzokian oholtzaratuko dute, 18:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Azpeitiko Udalaren webgunean, bost euroren trukean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, Soreasu antzokiko leihatilan.