Xanti Agirrezabala: "Teknikoen lana hobeto ezagutzeko eta baloratzeko balio izan dit esperientziak"

Uztarria.eus 2017ko aza. 22a, 18:56
Xanti Agirrezabala Bilboko San Inazion, Azpeitiko Topaketen kartela eskuetan duela. (Xanti Agirrezabala)

Euskal Antzerki Topaketak asteburu honetan bukatuko dira eta, haiekin, baita Xanti Agirrezabalak (Azpeitia, 1997) aurten izan duen lana ere. Ikusle zein aktore gisa ezagutu ondoren, edizio honetan Topaketen ezkutuko aldea ezagutzeko aukera izan du, Dantzertin egiten ari den antzerki ikasketetako praktikaldiari esker.

Zer eginkizun dauzkazu aurtengo Euskal Antzerki Topaketetan?

Bilboko Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolan, Dantzertin, ari naiz ikasten. Practicum izeneko irakasgai bat izaten dugu urtero eta, horren barruan, ikasturte honetan prozesu artistiko baten jarraipena egitea tokatu zaigu. Izan zitekeen obra baten sormen prozesua, edo tailer batena, eta nik jaialdi batena egitea aukeratu nuen; kasu honetan, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketena. Jaialdiak hasieratik bukaeraraino eramaten duen prozesuaren jarraipena egitea izan da nire lana: antzerkien deialdia nola egiten den, aukeraketa, kartel lehiaketa... Antolaketa hasten denetik, emaitza ematen den arte. Emaitzaren momentu horretan, emanaldi egunetan, batez ere egon naiz taldea antzokira ailegatzen denetik alde egiten duen arte: muntaia tekniko osoa, eszenografiak, entseguak, ikusleen harrera, emanaldia bera eta desmuntaketa, karga eta deskarga.

Egun eta ordu askotxoko praktikaldia ari zara egiten, beraz.

Bai, Topaketek irauten duten hilabete osoa Soreasun, eta horrez gain, udaletxean ere aritu naiz, Kultura teknikariarekin lanketa egiten.

Soreasun egiten duzun lanean, zein da zehazki betetzen duzun rola?

Kanpo-begirale gisa, batetik, taldeak iristen direnetik alde egiten duten bitarteko prozesuak nola funtzionatzen duen ikusteko; eta, bestetik, edozer behar dutenean eta ahal dudan guztian laguntzeko nago, lana errazteko. Gero, emanaldiaren garaian sarreran egoten naiz, akomodadore lanak ere egiten ditut... Denetik, goiz-goizetik gauera arte.

Asteburu honetan bukatuko duzu praktikaldia. Nolakoa ari da izaten esperientzia?

Bete-betekoa ari da izaten. Eskolan ez daukat jai praktikak egiteko eta, orduan, astelehenetik igandera etenik gabe ari naiz; ostiraletan klasetik atera eta Soreasun sartzen naiz. Baina gustura ari naiz. Hamabost-hamasei antzezlanen prozesuak ikustea, bakoitzak duen muntaia osoaz jabetzea, ordubeteko edo ordu eta erdiko emanaldi bat izan arren goizeko zortzietan edo bederatzietan hasita atzetik dagoen lan dena ezagutzea... Beste begi batzuekin ikusten laguntzen du. Neu aktore lanetan ibili izan naiz beti gehiago, eta kasu honetan, teknikoen lana hobeto ezagutzeko eta baloratzeko balio izan dit esperientziak.

Agertokiaren atzealdeko lana baloratzen ikasteaz gain, zer gehiago ematen ari zaizu lana?

Taldeak gertutik ezagutzeko aukera. Topaketek daukaten gauza ederrenetakoa da egitarauan askotariko eskaintza izaten dutela. Aurten ere denetariko taldeak etorri dira, amateurrak zein profesionalak, eta lan egiteko oso modu ezberdinak dituzten taldeak. Eta hori nabaritu egiten zen, atetik sartzen ziren une beretik. Lehendabiziko teknikaria iristen denean badakizu jada talde horrek nola egiten duen lan, eta lan egiteko modu oso-oso desberdinak dituzte taldeek. Horrek balio izan dit, gainera, nolako antzerkia gustatzen zaidan eta lan egiteko zer molde gustatzen zaizkidan zehazteko.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan ikusle izan zara, oholtzan aritu zara eta, aurten, atzeko lana egitea tokatu zaizu. Hiruetatik zein da, zuretzat, Topaketen parte izateko modurik gustukoena?

Antzezten! Non bestela? Aktorea naiz eta aktore sentitzen naiz. Baina egia da aurtengoa benetan esperientzia aberasgarria izaten ari dela, lehenago ez bada beranduago, aktore bati tokatuko zaiolako tekniko lana ere egitea. Badaude tekniko profesionalak direnak eta beren lana baloratu beharrekoa da. Askotan, iruditzen zait aktoreok jasotzen ditugula laudorio denak, baina argien eta soinuaren diseinua egiten dutenak ere benetako artistak dira. Egoeraren arabera, ordea, aktoreok ere askotan egin beharko dugu tekniko lana eta, beraz, haien azalean jartzea oso aberasgarria izan da, aktore guztiek probatu beharko luketeena.

Harritu zaituen edo espero ez zenuen zerbait ikasi al duzu?

Gehien harritu nauena izan da lehen aipatu dudana, lehen unetik badakizula talde bakoitzak nola funtzionatzen duen, eta azken emaitza horren araberakoa izaten dela gehienetan; askotan, emaitza eta publikoari eman zaiona bat datoz eguna eta prozesua hasi diren moduarekin. Ikasi dut lan bat ez dela hasten argiak itzaldu eta oihala igotzen den unean, lana hasten dela antzokira iritsitakoan bertan. Talde bat antzokira ailegatu eta prozesua gaizki hasten badu, igarri egingo da hori azken emaitzan. Hori ikusi dut oso garbi. Bestetik, nik badauzkat ideal batzuk, oso politak, antzerki konpainia batek nola funtzionatu behar duen eta horren gainean, eta errealitatea ez dela horrela izaten ikasteko ere balio izan dit.

Zer moduz Dantzertiko ikasketak?

Gustura. Aurtengoa hirugarren ikasturtea dut, lehenengo promoziokoak gara, eta familia asko hazi da. Gu hasi ginen hamabost ikasle antzerkian, hamar dantzan eta, guztira, bost irakaslerekin; eta orain, hirukoiztu egin dira kopuruak. Ikasle pila bat gaude, kristoren martxa dago, eta hasierako familia txikiko giro hura galdu egin badu ere, irakasle berriak etorri dira, formazio ezberdinekin eta bakoitza bere espezialitatearekin, eta askotariko irakasleak izatea aberasgarria da formazioaren ikuspegitik. Datorrena izango da gure azken ikasturtea eta aurten dagoeneko hasi dira tximeletak sabelean, "ai ama, eta hau bukatzen denean, zer?". Baina uste dut oso formazio egokia jasotzen ari garela, irakasleak oso profesionalak dira, eta lehen promoziokoak ondo prestatuta aterako garela iruditzen zait.

Datorren urteari begira jarraituta: non ikusten duzu zeure burua 2018ko Euskal Antzerki Topaketetan? Ikusle? Aktore? Tekniko?

Aktore lanetan zaila izango da, datorren urtean oraindik formazioarekin ibiliko naizelako buru-belarri. Ikusle, noski baietz. Eta antolakuntzan ere, aurten ikasi dudan guztia eta atera ditudan ondorioak hobetzen laguntzeko izango direla iruditzen zait. Topaketek 35 urte bete dituzte aurten eta egundokoa da hori, uste dut euskaraz egiten diren bakarrenetakoak direla. Baina, 35 urte eta gero nola joan haratago, aurrerapausoak nola eman, Topaketei Euskal Herrian oraindik eta indar gehiago emateko. Hor badago egiteko lanketa bat.