Jose Ignazio Orbegozo 'Arria II': "Semea aizkoran ikustea da niretzat saririk handiena"

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 22a, 12:50
Jose Ignazio Orbegozo. (Ihintza Elustondo)

‘Arria II’.aren biografia jasotzen duen liburua kaleratu dute. Gentilak trilogiaren bigarren atala da, eta Joseba Urretabizkaiak idatzi du. Larunbatean omenaldia egingo diote aizkolariari.

Gustura hartu du Jose Ignazio Orbegozo Arria II aizkolariak (Azpeitia, 1945) bere biografia jasotzen duen liburua. "Norberak liburu propioa izatea oso interesgarria da, asko estimatzen dut nirekin gogoratzea. Inportantea da gauza hauek bizirik zaudela egitea, ze hildako horrek ez du ezer sentitzen. Batek hala esaten zuen: ‘Hildakoan lorak-eta alferrik dituk, niri bizi naizela oparitu’". Larunbatean omenaldia egingo diote aizkolariari, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 19:00etan hasita. Han erosi ahal izango da liburua.

Nola oroitzen duzu aizkoran hasi zinen garai hura?

Ni txikia nintzela, kanpoko jende asko etortzen zen gure baserrira, eta aitatzen zidaten: "Joño, hau Arriaren semea!" edo "hi ze, aizkoran hasi beharko duk ba!". Aizkora mundu hori txiki-txikitatik bizi izan dut gertutik. Nik gogoa ekarri nuen aizkoran egiteko. Amets egiten nuen zer ote zen txapeldun izatea eta ea horra ailegatuko ote nintzen. Ikusten nuen beste aizkolariak zein handiak ziren, zer pisu zuten, eta horiek denak gogoan ematen nituen. Neure burua hazten ikusten nuen, eta ni ere iritsi nintzen neurri horietara. Indarra ere banuen, eta aizkorarekin hasi nintzen. Eta, gero, ailegatu nintzen amesten nuen maila hartara, eta hortik aurrera, aurkariekin lehiatu behar izan nuen, besteak ere nire mailakoak zirelako.

Baserri inguruan aritzen al zinen enborrak ebakitzen?

Bai, beti ibili naiz baserrian, eta lana beti egin izan dut mendian. Orain, jubilatuta nago, eta halaxe aritzen naiz oraindik ere. Hiriak, semaforoak, jendea, buila eta desditxa horrek gaixotu egiten nau. Natura, zuhaitzak, mendia… hori gustatzen zait niri. Nik sekulako pena hartzen dut mendi bat erretzean edo arbola eder bat botatzen dutenean.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.