Emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko eskatuko du Basanderiek asanbladak zapatuan

Uztarria.eus 2017ko aza. 21a, 13:05

Patriarkatua indarkeria da. Eman sua! leloa aukeratu du asanbladak Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituen ekintzetara deitzeko. Elkarretaratzea, bazkari feminista, "gitarreo saioa" eta mural pintaketa antolatu dituzte. 

Zapatuan, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Basanderiek Azpeitiko emakume feminista gazteen asanbladak, Patriarkatua indarkeria da. Eman sua! lelopean. 

Emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzea eskatzeko, 13:00etan elkarretaratzea egingo dute, plazan. Basanderiek dei egin diete emakume gazte zein helduei elkarretaratzera bertara daitezen. Ondoren, 14:30k aldera, bazkari feminista egingo dute, eta animatzen direnek izena eman beharko dute aurrez. Orkatz tabernan edo Basanderiek asanbladaren Facebook eta Instagram bidez ere egin daiteke izen-ematea, eta azken unean animatzen diren lagunak ere "ongi etorriak" izango direla esan du emakume gazteen asanbladak. Bazkalostean, kanturako tartea hartuko dute, eta "gitarreo saioa" egingo dute Sanagustin kulturgunean. Mural margoketarekin amaituko dute eguna. Oraindik ez dute zehaztu zein lekutan egingo duten murala, baina 17:00etan jarri dute hitzordua, plazan.