Iraurgi ikastetxeko ikasleak, Unicefen eta Foru Aldundiaren proiektu pilotu bateko partaide

Uztarria.eus 2017ko aza. 20a, 19:41
Iraurgiko LH1eko ikasleak, Imanol Lasa diputatuarekin batera, gaurko aurkezpenean. (Iraurgi ikastetxea)

Haur Erabakia proiektu pilotuan hartuko dute parte, Gipuzkoako txoko ezberdinetako ikasleekin batera. Egitasmoaren helburua da umeen iritziari oihartzuna ematea.

Iraurgi ikastetxeko Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleek Unicefek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatutako Etorkizuna Eraikiz proiektu pilotuan hartuko dute parte. Egitasmoaren helburua da umeen iritziari oihartzuna ematea. Gaur, azaroak 20, Haurraren Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, Iraurgiko ikasle talde bat Foru Aldundian izan da. Bertan, Haur Erabakia egitasmoaren aurkezpena egin dute Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuarekin batera. Aurkezpenean, Iraurgiko ikasleek beraiek gorpuztutako Nor gara gu, zer gara gu: azpeitiarrak! izeneko proiektuaren berri eman dute. Egitasmo horren harira jaso zuten Foru Aldundiaren proiektu pilotuan parte hartzeko gonbidapena.

Ikasleei ahotsa emateko abiatutako proiektuan, Iraurgiko ikasleek herriko bederatzi jolas-parkeren balorazioa egin zuten. Aztertutako jolastokiak hobetzeko zer egin daitekeen azaldu zuten idatzizko txosten batean, eta udaletxera eraman zuten ondoren. Iraurgitik adierazi dutenez, Nor gara gu, zer gara gu: azpeitiarrak! proiektuari esker, ikasleek beraien iritziak "baliogarriak eta erabakigarriak" direla ikusi dute, Udalak kontuan hartu zituelako haurrek egindako eskaerak. Ikastetxeko arduradunek azaldu du, parte-hartzea oinarri duen lan-proiektuarekin "erakunde eta herritarren arteko zubia" eraiki zutela, Udalaren Azpeitia Denon Artean proiektuarekin bat eginda. 

Aurtengo ikasturtean, LH5eko ikasleak arituko dira Etorkizuna Eraikiz proiektuan. "Egitasmo honen funtsa Iraurgi Ikastetxeko ildo metodologiarekin eta Tutoretza Planarekin bat dator, parte-hartzailea, dinamikoa eta bizipenetan oinarritutakoa delako", esan dute Iraurgitik. Horrez gain, "bizikidetzarako ezinbestekoak diren baloreak eta sendotasun pertsonalak" lantzen dituela azpimarratu dute.

Eskualde desberdinetako bost hezkuntza zentrotan garatuko dute Haur Erabakia: Belaskoenea ikastetxean (Irun), Ekintzan (Donostia), Joxemiel Barandiaran eskolan (Ataun) Juan Antonio Mogel ikastolan Eibar), eta Iraurgi ikastetxean. 

Foru Aldundiak jakinarazi duenez, proiektuan parte hartuko duten ikastetxe horietan hainbat lan saio egingo dituzte ikasleek, "partaidetza, eta elkarbizitzarako beharrezkoak diren giza balioen hedapena sustatzeko", hala nola "kuriositatea, zintzotasuna, aukeren berdintasuna, kooperazioa, hiritartasuna, ikuspegi kritikoa, genero berdintasuna, aniztasuna edota adeitasuna".